Askoren ametsa bete duzu. Harrobian hasi zinen eta lehen taldeko arraunlaria zara.
Guk amets berdin-berdina genuen. 18 urte bete, seniorretara igo eta lehen taldean aritzea. Getarian egin genituen bi urte seniorrak ginenean, hitzarmen bat baitzuen Oriok Getariarekin. Baina hango bi urteak amaitzean, 2008an, hiruk lehen trainerurako saltoa egin genuen. Ametsa bete genuen.
Gero, beste amets bat izaten da: traineruan sartu nahia. Hasieran ordezkoa zara, estropada batzuk jokatzen dituzu...
Baina, orain, traineruko arraunlari finkoetakoa zara. Ia beti titularra zara.
Lehen urtean izan ezik, estropada erdiak egin nituela eta ez nuela Kontxa jokatu, gainontzean estropada gehienak jokatzeko suertea izan dut.
Bat lasaitu egiten da entrenatzailearen konfiantza duela ikustean?
Nire kasuan behintzat, ez. Berdin-berdin ahalegintzen zara. Postua irabazi baino, nahi duzuna trainerua ahalik eta azkarren ibiltzea da. Horretarako zu sakrifikatzen bazara, trainerua, teorian, azkarrago joan beharko luke. Barruan, kanpoan edo erdizka egon, nik uste dut berdin saiatu behar zarela.
Ez naiz sekula lasai edo beteta sentitu barruan nagoelako. Barruan egonda dena ematea izan da nire helburua, trainerua ahalik eta ondoen ibiltzeko.
Zu barruan egoteak beste bat kanpoan gelditzea dakar. Talde egitea garrantzitsua da trainerua indartsua izateko. Baina, taldekideak izatez gain, aurkariak ere bazarete. Lehendabiziko lehia elkarren artekoa baita.
Nahi edo ez, lehia izaten da hori. Negu partean izaten da gehiago. Banakako frogak egiten ditugunez, orduan izaten dira, izatezkotan, pikeak. Bakoitzak egiten dituen denborak eta alderatzen ditugu eta. Baina, ondoren, traineruan sartzen garenean, kanpoan gelditzen denak barruan daudenen lagundu behar die.
Bakoitzak bere burua traineruaren barruan ikusten du. Ziurrenik trainerua osatzeko esango baligute, guztiak jarriko ginateke barruan. Baina, finean, helburua trainerua ahalik eta azkarren ibiltzea da, eta taldea egin behar da.
Irabazitakoak taldean ospatzea errazagoa izango da galtzen denean, tristurak, taldean samurtzea baino.
Izaeraren araberakoa da. Batzuk txoko batera joan eta ez dute hitz egin nahi, beste batzuek autobusean isil-isilik egingo da, beste bat lagunarena edo tosta-kidearena joango da eta penak kontatuko dizkio... Bakoitzak bere modua dauka, bizitzan bezala, gauzei aurre egiteko.
Eta irabazterakoan, denok elkarrekin ospatzea errazagoa dela esan duzu, baina kanpoan gelditu denarentzako ere ez da erraza. Askotan, taldeak irabazten duenean ere, kanpoan gelditu denak barruan ez egotearen pena dauka. Poza dauka, taldeagatik; baina barruan ez egotearen tristura ere bai.
Eta Kontxako emaitzari buelta nola eman diozue?
Kontxa urte hasiera-hasieratik, bueno, arraunean hasi ginenetik, daukazu buruan. Kontxa bat irabazi nahi duzu. Egun hori azaroan hasten zarenetik markatuta daukazu. Eta aurreneko estropadan banderatik kanpo gelditzen zarela ikustea kolpe gogorra da.
Egun hori izorratuta pasatzen duzu, eta hurrengo egunetan ere buruan daukazu, baina kirola horrela da. Kirolean irabazi bakarrak egiten du eta irabazteko guztiok entrenatzen dugu. Ez dago besterik. Asimilatu egin behar da eta urteekin asimilatzen ikasten da.
Kaleak kalte egin zizuela diote. Urdaibaik olatuak hartu zitzakeela eta zuei, aldiz, olatuek enbarazu egiten zizuela.
Estropada hasterako, bagenekien zein kale izango ziren onak eta zein txarrak. Halaber, Urdaibaik banaka-banaka atera zizkigun segundoak, bukaerako bi minutuak kenduta. Zortzi bat segundora gindoazen eta minutu batean bost gehiago atera zizkiguten. Orduan bai nabaritu zela kaleen eragina. Guk ezin genuen olatua hartu eta berak zuzenean hartzen zuten.
Baina, ez dakit kaleak aldatuta, gu lehenengoan eta berak laugarrenean, emaitza zein izango litzatekeen. Akaso ez genuen irabaziko. Gertuago ziur egongo ginatekeela. Kaleak eragiten du, baina ez dakit irabazteraino eragiten duen. Ezin danez neurtu, ezin dugu jakin.
Asteburu honetan ez duzue ezer galtzeko. Dena ematera joango zarete, ezta?
Astelehenean jai egin genuen. Atzo –asteartean– berriz elkartu ginen eta hori izan zen mezua. Estropada bat gehiago da, ohorezko txandan gaude Kontxan, egoten den giroarekin eta kanpoko jendeak transmititzen duen ilusioarekin. Horiei zerbait zor diezula sentitzen duzu. Beregatik bada ere, saiatu egin behar zara.
Egun horretan berdin-berdin daukagu gogoa. Irabaztera joaten zara, bai ala bai. Aurrekoa ahaztu eta estropada horretan dena ematera joango gara, bandera jokoan egongo balitz bezala. Gainera, oraingoz, itsaso oso txarra dago emanda.
Hori lagungarria da, ezta?
Bai, galtzeko ez daukagunez ezer...
Irabazteko gehiago...
Okerrago geldituko gara, akaso, baina behintzat aukerak handitzen ditu horrek.
Kontxaz ari garela... Ezin aipatu gabe utzi Kontxa zeinen berezia den zuentzat. Zergatik?
Txikitatik hori bizi izan dugu, herrian ere hori sumatzen da... Udaran, estropada normal baten bezperatan, kalean animoak ematen dizkizute, baina besterik gabe. Kontxa gerturatzen hasten denean, bi-hiru aste lehenago, jendea ere Kontxari begira jartzen da. Igarri egiten duzu Kontxa ate joka dagoela.
Zuk barruan daukazu Kontxako gogo hori, baina herriko giroak areagotu egiten du ilusioa. Eta egun horretan, hango giroarekin eta Orion hara joateko dagoen ohiturarekin... ilusioa pizten dizu.
Eta Orioko estropada, Bixiguaren Festan egiten dena, ere berezia izango da...
Bai. Nik uste dut berezia beti dela, baina itsasoan egiten denean jendean bultzada ez dela horrenbeste sentitzen. Errioan egiten denean, estropadan zoaz eta ileak punta-puntan jartzen zaizkizu. Jendearen oihuak entzuten dituzu, gertutik, zubi azpitik pasatzean...
Estropadaren aurreko egunek, ordea, ez dute Kontxarekin antzekotasunik. Estropada bat gehiago bezala da, baina egunean bai bihurtzen dela berezia.
Kontxako giro horrek, adibidez, ez dizue presioa areagotzen?
Bai, baina ez dugu urduritasun desberdinik igartzen. Buruan behin eta berriz daukazu, baina ni behintzat ez naiz besteetan baina urduriago egoten. Presioa, ez; ondo egin behar hori, ez. Azkenean, zuk nahi duzu ondo egin, zuk nahi duzu irabazi. Zu zara zure buruari presioa jartzen diozuna. Eta ez Kontxan bakarrik, estropada guztietan, guztiak irabazi nahi baitituzu.
Kuttunenak zuretzat, bi estropada horiek?
Bai, bi horiek esango nituzke. Eta, bestela, Donostian jokatzen dena, Kontxa baitaukazu buruan. Alderatu egiten duzulako estropada hori, Kontxarekin. Giroa oso ezberdina da, ligako gainontzekoak bezala, baina zu arranpan zaudenean oroitzapenak etortzen zaizkizu eta irailen han izango zarela oroitzen zara.
Eta lortutako bandera guztietatik, zein da zuretzat espezialena?
Lehendabizikoa –Oriorekin–.
Gogoan daukazu oraindik?
Bai. Getarian irabazi genituen hainbat bandera, baina Orion sartu nintzenean, 2008an ez nuen banderarik irabazi. Taldeak bai, baina ni barruan nengoela ez. Eta 2009an bakarra irabazi genuen, nire lehenengo bandera.
Hondarribian izan izen. Azken ziabogan Kastro eta Hondarribia pare-parean zeuden. Gu hamar segundora geunden. Guri ez ziguten bidatu ere egiten. Segundo batengatik irabazi genuen. Itsaso txarreko estropada bat izan zen eta azken luzean hamar segundo jan genizkien.
Hori entzunda, igandean ere irabazi dezakezue...
Nahiago nuke...
Espezialena, dena den, kuadrillakoekin eta senideekin arraun egitean izango da, ezta?
Dudarik gabe. Unai Etxeberria, Josu eta hirurok txiki-txikitatik gabiltza elkarrekin arraunean. Urko ere Portugaletera joan arte gurekin ibili zen. Beti elkarrekin. Aldape ere seniorretan hasi arren, arrauna txikitatik bizi izan du, eta kuadrillakoa izanda, traineruan izateak beste konfiantza bat ematen dizu. Azkarate ere Orion bizi denetik kuadrillan daukagu eta gurekin ibiltzen da. Esan daiteke traineru erdia kuadrillakoak garela.
Estropada txar edo ona tokatzen zaizunean, berekin hitz egiten duzu eta horrek beste konfiantza bat, babesa, ematen dizu.