Larunbat honetan hasiko du denboraldia Oriokok

Karkara 2015ko ira. 9a, 09:28

Ohorezko erregional mailan jokatuko dute aurten

Denboraldia pozarren amaitu zuten Orioko jokalariek, mailaz igotzea lortu baitzuten. Pozik bukatu eta gogotsu hasi. Larunbat honetan, irailaren 12an, emango diote hasiera 2015-2016 denboraldiari. Aurkari berriak izango dituzte, exijentzia altuagoa izango da; baina horrek guztiak denboraldia anbizioarekin hastea dakar.

Talde gaztea dute –19 eta 23 urte bitarte dituzte jokalari gehienek–, eta gehienentzat Ohorezko Erregional mailan lehen esperientzia izango da. Lan fisikoa egin dute aurre-denboraldian, eta ligan hasteko gogoa dute jokalariek. Zarautz eta Getariaren aurka derbyak jokatuko dituzte denboraldi honetan, eta maila mantentzea izango da taldearen helburua.

Ordiziaren aurka jokatuko dute lehen partidua, etxean, Mendibeltz futbol zelaian. Irailaren 12an izango da, larunbatean. Aurten, aldaketa bat egongo da partidak ikustera joango diren ikusleengan: ohorezko erregional mailako gainerako zelaietan bezala, sarrera ordaindu beharko dute zaleek. 30 euroren truke bazkide ere egin daitezke partida guztiak ikusteko.

165 jokalari federatu

2015-2016 denboraldia hasi da dagoeneko eta, momentu honetan, 165 jokalari federatu ditu Orioko Futbol Taldeak maila desberdinetan. Horrez gain, 70 gaztetxo ditu futbol eskolan.

Denboraldi honetan 8 talde arituko dira Gipuzkoako zelaietan: Ohorezko Erregional mailan, Emakumezkoen Lehenengo Erregional mailan, Ohorezko Jubeniletan, Kadete Lehen mailan, Ohorezko Infantiletan, Emakumezko F8 Infantiletan, Infantil Txikian eta F8 Alebin mailan.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide