Bi helburu ditu datorren larunbatean, irailaren 12an, Karela kiroldegian egingo den festak. Jai giro familiarrean kirola egitea, batetik, eta Juneren Hegoak elkartearentzako fondoak lortzea, bestetik. Egun osoan, 10:00etan hasi eta 20:00etara, adin guztietako jendearentzat prestatutako jarduera solidarioak egingo dituzte kiroldegian.
Puntako fitness jarduerak probatzeko aukera izango dute bertaratzen direnek, zunba, spinning, total training eta jump, hain zuzen. Azken hori, ohe elastikoetan egiten den modalitate berria da; Ikasfit enpresak jarri du martxan. Spinning saiorako zuzenean arituko diren DJa eta abeslaria egongo dira. Horrez gain, indoor triatloia egingo dute Karelako pistan: 1,2 kilometro lasterka, 2,5 kilometro bizikleta estatikoan eta kilometro bat ergometroan. Hau da egitaraua:
10:30-12:00 Indoor Triatloia
12:00-13:30 Total Training
16:00-17:00 Zunba
17:00-18:00 Jump
18:00-19:30 Dreaming on a Bike –Spinning–
Goizeko jardueren prezioa 3 eurokoa izango da eta arratsaldekoena 5 euro; arratsaldean jarduera bat baino gehiago egin nahi duenak, bigarrenetik aurrera 3 euro ordainduko ditu. Kiroldegia itxiera teknikoan dagoenez, jardueretarako izen-emateak solidario@bpxport.es helbide elketronikoan eta 688 638 274 telefonoan egingo dira.
Haurrentzako jarduerak ere prestatu dituzte, kirola familia giroan egitea baita festaren helburua. Eskalada saioak egiteko aukera izango dute umeek, baita eskulan tailerra, puzgarriak eta beste hainbat ekintza ere. Erronka familiarra eta zozketa solidarioak ere egingo dituzte –dagoeneko salgai daude txartelak herriko zenbait lekutan–; goi mailako hainbat kirolarien kamisetak zozketatuko dira, Jon Azkuerena, Bera-bera eta Aiala Zarautz eskubaloi taldeetako jokalarienak eta Eibar futbol taldekoenak, besteak beste.
Niko, Arkaitz eta Kaleta tabernen laguntzarekin, bazkaria jarriko dute ikastolako pergolan. Pizza, ogitarteko eta hanburgesak eskuratzeko txartelak kiroldegian salduko dira; txartel horiekin lortutako diruaren zati bat ere Juneren Hegoak elkarterentzat joango da.
Gaixotasunak dituzten umeen familiei laguntzen
Juneren Hegoak elkartea 2013an sortu zen, June txikia minbiziak eraman zuenean. Haur txiki baten gaixotasunak familian eragin ditzaken zailtasunak ikusita, seme-alabak gaixorik dituzten familiei laguntzea erabaki zuten Juneren gurasoek. Elkartea sortu zuten, Gipuzkoako familia horiei laguntzeko sare solidarioa sortzea zen helburua, pairatzen duten sufrimenduaren aurrean laguntza ekonomiko eta psikologikoa ematea.
Gaur egun, gaixotasun arraroak dituzten bederatzi haurren familiei laguntzen die Juneren Hegoak elkarteak, sanfilippo duen Oier Ibarrako umeari, adibidez.