Podiumeko azken koskan

Karkara 2015ko abu. 31a, 11:04

Argazkia: San Miguel Liga

Onenen artean dago astebururo Orioko trainerua, podiumean. Baina azken estropadetan ez du lortu koska bat edo bi gora egitea, eta Urdaibai eta Hondarribia mendean hartzea.

Ama Guadalupekoak seigarren garaipena lortu zuen larunbatean, Bilboko errioan. Erlojupeko estropada izan zen eta bigarren sailkatuaren denbora 3 segundo eta 30 ehunekotan hobetu zuten hondarribiarrek. 19:23:92 denboran gelditu zuten kronometroa. Bigarren Urdaibai izan zen eta Orio hirugarren 19:34:34 denborarekin.

Ahal duguna egin dugu, adierazi die Irakoitz Etxeberriak San Miguel Ligako mikrofonoei. Hirugarren sailkatu gara. Kontentu gaude eman dugun arraunketagatik. Irabaztera etorri gara, baina ez da posible izan. Hondarribia zoriondu eta bihar irabazten ahalegintzea besterik ez zaigu geratzen, gaineratu zuen.

Eta igandean ere ez zen posible izan. Urdaibaik Hondarribiari irabaztea lortu zuen, baina Oriok ez zuen hirugarren postutik mugitzea lortu. 19:37:18 denborarekin helmuga zeharkatzen lehenak izan dira bermeotarrak. Atzetik, Hondarribia, bederatzi segundora; eta, hirugarren Orio, hamahiru segundora.

Aldaketak patroi onenaren sailkapenean

Orain arte Irakoitz Etxeberria izan da patroi onenaren sarian lider. Asteburu honetan, ordea, Urdaibaiko Gorka Aranbarrik aurrea hartu dio. Dena den, biak puntuetan berdinduta daude, 17 punturekin. Hirugarren sailkatuak San Juango patroiak dira, Jon Ormazabal eta Endika Perez, 16 punturekin.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide