Zortzigarrenez egingo da Outlet Azoka Orion. Goizean goizetik herriko hainbat dendek plaza izango dute erakusleiho: Maukak, Anarrik, Rosak, Izarrak, Nohak, Rosesek, Ardatzak, Itziar Kirolakek, Berezik, Naikarik eta Ramirok. Hamaika postuk beteko dute, hortaz, herriko plaza.
Egunari erritmoa jartzen eta plaza girotzen Xabi Arostegi DJa izango da. Eta, arratsaldeko 18:30ean, Iñigo Fernandez Nikos clown-en paperean sartuko da. Pailazo emanaldia eskainiko du plazan bertan, ordubete inguru iraungo duena.
Egun bakarrekoa izango da aurtengo Outlet Azoka. Toldoak alokatu behar ditugu, eta bi eguneko alokairua, gehiegitxo da, azaldu du Ainhoa Fernandezek. Iaz horrela egin genuen, baina gauean lapurreta egin ziguten. Hortaz, aurten egun batekoa egingo dugu. Goizean goiz hasi eta iluntzera arte izango da.