Ezin izan zuten txapelketa biribildu

Karkara 2015ko abu. 14a, 12:38

17-22 galdu zuten atzo Aimar Galarragak eta Aritz Lertxundik Zarauzko Zaporra pilota txapelketako finalean.

Markagailuan aurretik eta indartsu hasi zuten partidua Galarragak eta Lertxundik. 4-0 aurreratu ziren, baina berehala harrapatu eta aurretik jarri ziren aurkariak, 4-5. Hortik aurrera, maldan gora izan zuten partidua Galarragak eta Lertxundik.

Ordutik, bost tantoren aldearekin eta tarte handiagorekin izan ziren ia partida guztian zehar. Horrelako egoera batean, buruak lan asko egiten du eta egoerari buelta ematea zaila dela aitortu du Galarragak. Baina, finalerdietan, egoera horretan buelta eman genion partida. Orduan, finalean pentsatzen nuen: orain zergatik ez? azaldu du oriotarrak.

Lertxundiren tanto bati esker 17-20an jarri ziren, estu ibili ziren, baina ez zuten lortu finalerdietakoa errepikatzea. Izan ere, markagailua hiru tantoko aldean zenean, sakean huts egin zuten eta ez ziren tanto gehiago egiteko kapaz izan. Hortaz, partida 17-22 markagailuarekin amaitu zen. Galdu arren, pozik daude egindako lanarekin.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide