Arrauna 2015

Imanol Garmendia: "Orain arte izan dudan txapelketarik garrantzitsuena da"

Karkara 2015ko abu. 28a, 08:24

Txapelketa garrantzitsuetan lehen postuengatik lehiatzera ohituta dago Imanol Garmendia. Iaz urrezko domina irabazi zuen mundialean. Aurten, podiumera igotzeko helburua albo batera utzi eta Rioko Joko Olinpikoetara sailkatzea du helburu.

Abuztuaren 30ean Frantziako Aiguebelette hirian aulki mugikorreko Munduko Txapelketa hasiko da. Txapelketako dominak jokoan egoteaz gain, Rio 2016 Joko Olinpikoetara sailkatzeko txartelak izango dira lehian.

Orioko Arraun Elkarteak ordezkaritza izango du munduko txapelketan. Lemazain gabeko laukoan, pisu arinean, Imanol Garmendia eta Ander Zabala izango dira; eta, lemazain zortzikoan, Jaime De Haz eta Jon Carazo izango dira.

Imanol Garmendia: "Gure postua seigarrenaren eta hamalaugarrenaren artean egongo da"

Proba garrantzitsua da. Munduko txapelduna izendatzeaz gain, Riorako sailkatzea dago jokoan.

Bai. Gure modalitatean aurrenengo hamaika sailkatuak Rioko Joko Olinpikoetara sailkatzea lortuko dute.

Eta hori da zuen helburua?

Bai. Orain arte gure emaitzak eta denborak nahiko onak izan dira. Sailkatzeko esperantzarekin goaz.

Eta mundiala irabazteko asmoarekin?

Hori beste urte baterako utzi beharko dugu. Gure postua seigarrenaren eta hamalaugarrenaren artean egongo da. Kontuan izanda lehen hamaika ontziak sailkatuko direla, estu-estu ibiliko gara. Sekulako berdintasuna egongo da postu horietan.

Gauzak ez daude erraz, beraz.

Finalerako ontziak gu baino parte bat-hiru segundo hobeto egongo dira. Hori diferentzia nahiko handia da guretzat. Hortaz, gu ez gara lehia horretan sartzen. Beste seiek gogor ekin beharko diegu olinpiadetarako txartela lortzeko.

Prestaketa handia ari zarete egiten?

Denboraldia irailean hasi genuen. Sevillan izan gara ia urte osoan, baina orain Banyolesen gaude. Asteazkenean Frantziara joango gara.

Egun gutxi falta dira Frantziara joateko. Entrenamenduak aldatu dituzue azken txanpan sartu zaretenean?

Bai. Orain entrenamendu luzeak ahaztu ditugu eta serie motzak egiten ditugu, lehiaketaren sentsazioak hartzeko. Halaber, batzuetan bizikleta egin behar dugu pisua mantentzeko.

Asko zaindu behar izaten duzue pisua?

Pisu arinean lehiatzen gara. Horrek kirolarien pisua, bataz beste, 70 kilokoa izan behar duela esan nahi du. Hortaz, dezente zaindu behar izaten dugu pisua. Guztiak juxtu xamar iristen gara, guretzako urte guztian pisu horretan egotea ez baita erraza.  Pisu baxuegia da urte osorako. Orduan, lehiaketetan bakarrik egoten gara 70 kilotan.

Nerbioak neurtzen ere ikasi behako duzue...

Orain arte izan dudan txapelketarik garrantzitsuena da. Urduritasun horiek positiboki erabili beharko ditugu.

Hori ere ikasi egiten da, ezta?

Bai, akabo bestela. Ia ez gara lehenago bezain urduri egoten txapelketetan.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide