Iluntze magikoa plazan

Karkara 2015ko abu. 18a, 10:44

Abuztuaren 20an, ostegunean, Asier Kidam magoa izango da herriko plazan arratsaldeko 19:30tatik aurrera.

Magiaz beteko du plaza ostegunean Asier Kidamek. 1994an hasi zen bere pasioa ogibide bihurtzen, eta ordutik milaka plazatan bota ditu hauts magikoak eta milaka lagunekin batera oihukatu ditu hitz magikoak. Ostegun honetan oriotarrekin eta oriotarrentzat egingo du magia gasteiztarrak.

Mago batek belarritik txanpona atera zionean sortu zitzaion magiarekiko arra. Interesak bultzatuta Espainiako Ilusionismo Elkartean sartu zen 17 urte zituela. Handik bi urtera, 19 urterekin, mago profesionala bilakatu zen. Ordutik hamaika eszenatokitan egin du lan: telebistako platoetan, ezkontzetan, ikastetxeetan, antzokietan, herriko plazetan...

Azken hau izango du osteguneko eszenatoki, Orioko herriko plaza. Arratsaldeko 19:30etan hasita, haurrentzako magia ikuskizuna eskainiko du Kidamek.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide