Urte osoan zehar entzuten da erlauntza bat sortu dela zuhaitzaren batean edo etxeren batean. Uda honetan erle gehiago dabilenez, erlauntza gehiago eratzen dira. Herenegun esaterako, hondartzan egin zuten erleek erlauntza.
Arratsalde partean izan zen, 16:00ak inguruan. Toalla batean bildu ziren erle guztiak eta udaltzaingoak joan behar izan zuen bertara. Inguruan zeudenei urruntzeko eskatu zien, gutxienez 10 metroko distantzian jartzeko. Erleak biltzeko eta arriskua ekiditeko, erlezainari deitu zioten.
Handik gutxira, erlezaina etorri eta erleak kutxatxo batean sartu zituen. Toalla garbi-garbi utzi eta jabeari eman zion. Hondartzan zegoen jende askoren arreta bereganatu zuen gertatutakoak eta jende asko hurbildu zen erleak ikustera.