Urola Kostatik igaroko da Emakumeen Mundu Martxa

Karkara 2015ko abu. 18a, 09:25

Martxoaren 8an abiatu zen Emakumeen Mundu Martxa eta urriaren 1ean iritsiko da Urola Kostara. Eskualdeko plataformak aiarrak eta oriotarrak animatu nahi ditu martxan parte hartzera.

Emakumeen Mundu Martxak Urola Kostako lurrak zapalduko ditu. Urriaren 1ean izango da hori, Zumaiara iritsiko baita. Oriotarrak eta aiarrak, eskualdeko gainontzekoek bezala, Mundu Martxara batu dezakete, eta lan horretan dabiltza jada Urola Kostako plataformako kideak.

Uztailan sortu zuten eskualdeko plataforma hainbat emakume feministek. Jada lanean hasita daude, baina martxari begirako lehen mugarria irailaren 3an jarri nahi dute. Egun horretan bilkura irekia egingo dute Zumaiako Gaztetxean. Lehenago ere bilera bat egin zuten, ekainean, baina bilera horretan zarauztarrak, zumaiarrak, getariarrak, azpeitiarrak eta azkoitiarrak besterik ez ziren elkartu. Oraingo honetan aiarrak eta oriotarrak –besteak beste– joatea ere nahi dute.

Eskualdeko plataformaren asmoa eskualdeko herri guztietako kideek Zumaian bat egitea da. Hara joateko hainbat ekintza antolatuko dituzte, baita herriz herriko egitaraua ere. 

Emakumeen egunean abiatu zen

Kurdistan izan zen abiapuntua. Handik abiatu zen Emakumeen Mundu Martxa martxoaren 8an. Irailaren 27an iritsiko da Euskal Herrira eta irailaren 4an utziko ditu euskal lurrak. Urola Kostatik, esan bezala, urriaren 1ean pasako da. Hemendik Portugalerako bidea hartuko du. 

Plataformaren inguruko informazio gehiago jasotzeko, bai Emakumeen Mundu Martxaren inguruan, bai Euskal Herriko plataformaren inguruan, emakumeenmundumartxa.es webgunean sartu zaitezke.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide