Galtzarri elkartea biziberritu nahi dute proiektu berri batekin

Karkara 2015ko uzt. 22a, 10:00

Argazkia: Urola Kostako Hitza

Elkartasun guneak bultzatzeko eta herri dinamikak indartzeko helburua du Galtzarri Gune berriak. Aurkezpen irekia egingo dute bihar, uztailaren 23an.

Errealitate, zaletasun eta adin desberdinetako pertsonak elkartzea du helburu Galtzarri Elkartearen proiektu berriak. Horretarako, urteetan ezker abertzalearen bilgune izan den lokala biziberritu eta atondu dute, eta bazkide berrien bila dabiltza.

Ezker norabidearekin, herri eraikuntzaren ekimenak sustatzea, dinamikak indartzea eta elkartasun guneak sortzea da xedea. Hitzaldiak, mahai-inguruak, elkartasun egitarauak, afariak, kantaldiak... urtean zehar bazkideen artean adostutako ekimenak egingo dituzte. Eta naziotasuna, ingurumena, kultura, hezkuntza, sozio-ekonomia eta interes orokorreko beste hainbat gaiei buruz hausnartuko dute.

Galtzarri Gunea irekia izatea nahi dute, herritik eta herriarentzat sortua. Horretarako, egitasmoaren aurkezpena egingo dute bihar, uztailaren 23an. 19:00etan izango da aurkezpena, Galtzarri Elkarteko lokalean bertan, Kale Nagusia 9-11n.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide