Gales, Irlanda, Bretainia, Eskozia, Pays de la Loire, Nafarroa, Portugal, Kuba, Galizia, Asturias, Kantabria... arku atlantikoko hainbat eskualdetatik etorritako ehunka gazte aritu dira egunotan Orion eta Zarautzen uretako kiroletan lehiatzen. Surfa, piraguismoa, bela, arrauna, igeriketa eta ur irekietako kirolez gozatzeko aukera izan dute itsasertzera edo Oria ibaira gerturatu direnek.
Amaitu dira Joko Atlantikoak eta eman dituzte sariak. Euskadi izan da domina gehien lortu dituena; 28 urre, 29 zilar eta 16 brontzerekin, Atlantic Gameseko txapelduna izan da. Pays de la Loire, Akitania eta Bretainia izan dira aurkari gogorrenak.
Piraguismoan eta surfean nabarmendu dira, batez ere, euskaldunak. Lau urrezko domina, zilarrezko bost eta brontzezko bat lortu dituzte lehen kirolean, metal bakoitzeko bost bigarrenean. Igeriketan ere emaitza onak lortu ditu Euskal Selekzioak.
Arrauneko selekzioan baziren etxeko kirolariak ere, Orio AEko hamar arraunlarik hartu dute parte Joko Atlantikoetan, eta Ibon Urbieta prestatzaile lanetan ibili da. Bigarren postuan geratu dira, Pays de la Loireren atzetik. Hiru urrezko domina, zilarrezko lau eta brontzezko beste hiru irabazi dituzte.