1927an eman zioten hasiera Karmengo Amaren jaietan egiten den ospakizun honi. Geroztik, urtez urte, Gipuzkoako itsasertz guztiko 70 urtetik gorako arrantzaleak gonbidatzen dituzte festara, egindako lan eta esfortzuagatik goratzeko. Tradizio arrantzaleko herria izanik, Oriok baditu bizitza itsasoari eman dioten pertsonak: 53 arrantzale eta Maria Luisa Azkue Azpiroz saregilea omenduko dituzte aurten.
Arrantzale egunaren helburua, gehienbat, arrantzale horien izaera eta egitea aintzat hartzen dela jakinaraztea da. Eta, duela hiru urtetik hasita, emakumearen papera ere goraipatu nahi izan da, saregileen lana arrantza sektorean beti oso garrantzitsua izan delako.
Ospakizun egunarii goizeko 11:15ean emango diote hasiera, Donostiako udaletxean egingo den harrerarekin. Bertan, besteak beste, Donostiako alkatea eta Gipuzkoako Diputatu nagusia egongo dira. Ondoren 12:15ean Herri meza emango dute Kaiako San Pedro Elizan, bertsolari eta dantzariek lagunduta. Gero, eliza inguruan Kresala Euskal Dantza Taldeak emanaldia eskainiko du. Eta azkenik, bertsolari eta Gaztelubideko abesbatzak girotuko duen Anaiarteko bazkariarekin emango zaio amaiera omenaldi egun horri.