Söia: "Bezeroa da ekoitziko den produktuaren tamaina, tela, kolorea… aukeratuko duena"

Karkara 2015ko uzt. 10a, 11:15

Argazkia: Söia

Söia, eskuko poltsak, txapelak eta turbanteak diseinatu eta ekoizten dituen marka berri bat da. Gaur, ostirala, iluntzeko 19:30etan izango da Goiuri Unanueren –Orio,  1994– proiektu berriaren aurkezpena Maiur dendan –Zarautz–.

Zer da Söia?

Guk diseinatu eta ekoitzitako eskuko poltsa, turbante eta txapelen marka bat da, kontzeptu berri batekin: pertsonalizatuak dira. Internetez eros daitezke gure web orrialdean –www.soia.com– eta horrek azken diseinua bezeroen eta gure artean sortzea ahalbidetzen du. Bezeroa baita ekoitziko den produktu horren tamaina, tela, kolorea… aukeratuko duena. Beraz, guztiz esklusiboak dira.

Zer dela eta hasi zineten proiektu honekin?

Hirurok Bartzelonan ikasten dugu modaren diseinua maila ezberdinetan. Eta denok gertukoak izanik –Orio, Usurbil eta Zarautz– elkarrekin bizitzen jarri ginen pisu batean. Hasieratik oso ondo konpondu gara eta gerora konturatu gara gustu berdinak eta aldi berean desberdinak ditugula. Beraz, aspalditik zerbait sortzeko gogoa genuenez, eta gure arteko sinkronizazioa kontuan izanik, zerbait egitea pentsatu genuen eta proiektu honi ekin genion.

Zein publikori dago zuzendua zuen produktua?

Turbanteak, txapelak eta poltsak soilik ekoizten ditugunez emakumeentzat da printzipioz, gehienbat ausartak direnentzat eta diseinua gustuko dutenentzat. Gure diseinuek konbinaketa ezberdinak egiteko aukera ematen baitute. Hala ere, gerora eskaintza handitzeko asmoa dugu, osagarriez gain janzteko arropa ere egingo dugu, adibidez.

Etorkizunari begira…

Gogo handiz gaude, esan bezala arropa sartzea ere pentsatua dugu, adibidez. Baina hasteko, orainari begira, orain duguna ongi ateratzeko esperantza dugu. Eta aurrera ateratzen bada berrikuntzak sartzen joango gara, ahal den heinean, inoiz geldik geratu gabe. Batek daki zer gertatuko den.

Gaur aurkeztuko duzue zuen marka, ezta?

Euskal Herriko merkatuan nahi genuen sartu Söia beraz, kanpainetan erabilitako produktuak –jada eginikoak– Zarauzko Maiur dendan saltzea erabaki genuen. Maialen Urangak, bertako jabeak, festa moduko bat antolatzea proposatu zigun produktuak jendaurrean aurkezteko.

Gaur, iluntzeko 19:30etan izango da aurkezpen festa. Bertan, kateringa eta aurkezpen bat egongo dira. Eta gerturatzen den orok gure Söia produktuak ikusi ahal izango ditu. Eta, nahi izanez gero, erosi eta pertsonalizatu bat enkargatu. 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide