Bela, surfa, arrauna, piraguismoa, igeriketa, urpeko jarduerak eta sorospena. Horiek izango dira datorren astean, uztailaren 13tik 17ra, Joko Atlantikoetan egongo diren diziplinak. Hamabost eskualdetako 550 kirolari inguru etorriko dira Orion eta Zarautzen lehiatzera Atlantic Games XXI. ediziora. 1995ean sortu zen Europako Arku Atlantikoan dauden eskualdeen artean egiten den itsas-kirol txapelketa.
UZtailaren 13an, astelehenean, hasiera ekitaldia egingo dute. 19:00etan Mendibeltzetik irtengo dira parte-hartzaileak eta desfilean joango dira kirol porturaino, eta 20:00etan irekiera ekitaldia egingo dute han. Hurrengo hiru egunetan, 14tik 16ra, izango dira lehiak.
Surfak eta belak hiru egunetan ordutegi finkoa izango dute: 9:00etatik 20:00etara lehena –Zarautzen– eta 12:00etatik 18:00etara bigarrena. Beste jardueren ordutegiak marearen arabera egokituko dira. Piraguismoa, igeriketa, arrauna eta urpeko jarduerak lehen egunean 13:00etatik 17:00etara izango dira, bigarrenean 14:00etatik 17:00etara eta hirugarrenean 15:00etatik 18:00etara. Ur sorospeneko probak 13:00etatik 19:00etara izango dira asteartean eta 10:00etatik 19:00etara beste bi egunetan.
Ostiralean, uztailaren 17an, amaiera ekitaldia egingo dute Zarautzen, Munoan, 19:00etan.
Joko Atlantikoak hartzeko ingurune egokia
Joxe Angel Zalduak aipatu du, antolatzaileek ere esan dutenez, Orio eta Zarautz herriak Joko Atlantikoak antolatzeko ingurune oso egokia direla. Izan ere, erabiliko diren instalakuntza guztiak –kirol portua, Arraunetxe, kiroldegia, ikastola, aterpetxeak...– 0,5 itsas miliako distantzia barruan daude. Lehen aldia da Joko Atlantikoetan kirolariek lo egiten duten lekutik proba egiten den lekura joateko autobusik hartu beharko ez dutena.