2008an, gaztetxe bat aldarrikatzeko helburuarekin, egin ziren lehen aldiz Gazte Festak Orion. Egitarau xume batekin hasita, herriko gazte guztiak elkartu zituen jaia izan zen hura. Arrakasta handia izan zuen urte hartako festak, baita hurrengo urtean antolatzeko bilerak ere; herriko ia koadrila guztiek zuten ordezkaritza antolakuntzan.
Pixkanaka, Gazte Festetako ikur bihurtu ziren piraten danborrada, paella lehiaketa eta baltsa karrera. Bost urtez herriko gazteek egutegian gorriz jarritako data izan zen irailaren azken asteburua.
2012an egin ziren azkenak eta, antolakuntzako taldean indarra falta zela ikusita, 2013an bilera deialdirik ez egitea erabaki zuten. Han amaitu zen Gazte Festen lehen faseko ibilbidea. Orain, bi urteko geldialdiaren ondoren, badirudi beste fase bat hasiko dela, Gazte Festak berpiztuko direla.
Duela aste batzuk honako mezua zabaldu zen herrian whatsapp bidez:
Kaixo gaztiak!
Koadrila ezberdinetako hainbat pertsona berriketan aritu ginen festetan, eta Gazte Festek jarraipenik ez izatea pena bat iruditzen zitzaigula hitz egin genuen. Jendeak gogoa baduela nabaritzen da eta berriz ere zerbait antolatzeko animoz gaude. Mezu hau zabaldu, eta koadrila bakoitzetik bi edo hiru lagun elkartuta zerbait antolatzea zaila ez dela eta ondo legokeela iruditzen zaigu.
Data berak izango lirateke, iraila amaieran, eta antzeko programazioko asteburua antolatzea da helburua: elektrotxaranga poteorako, kontzertuak, koadrila arteko paella lehiaketa eta herri kirolak edo jolasak plazan. Eta hortik aurrera, bururatzen zaigun edozer.
Zabaldu mezua eta animatu!
Bilera, uztailaren 15ean
Gazte Festak berriz antolatzeko bilera uztailaren 15ean, asteazkenean, egingo da. Salatxo aretoan izango da, 19:30etik aurrera. Herriko gazte guztiei luzatu diete deialdia bilera antolatu dutenek, festei segida emateko beren parte-hartzea beharrezkoa delako.