Urrea eta brontzea Espainiako Aulki Mugikorreko Txapelketan

Karkara 2015ko uzt. 7a, 10:48

Argazkia: Joxemari Olasagasti

Pasa den asteburuan, uztailaren 3tik 5era, Banyolesen jokatu da Espainiako Aulki Mugikorreko txapelketa

Hamabi ontzi eraman zituen Orio AEk uztailaren 3tik 5era jokatu zen infantil eta kadeteen Espainiako Aulki Mugikorreko Txapelketara. 64 elkarte, 445 ontzi eta 1.000 arraunlari baino gehiago elkartu ziren Banyolesen. Ostiralean, uztailaren 3an, kanporaketak jokatu zituzten. Larunbatean errepeskak, final laurdenak eta final erdiak. Azkenik, igandean, finalak jokatu zituzten.

Emaitza onak lortu zituen Orio AEk. Aurkeztutako ontzietatik lau bakarrik geratu ziren finaletatik kanpo. Bi ontzik B finalak jokatu zituzten eta seik A finalak.

Gizonezko kadeteek skull bikoitzarekin hamargarren egin zuten, eta emakumezko kadeteek lauko skullarekin bederatzigarren. Hiru ontzi izan ziren seigarren postua lortu zutenak: emakumezko infantilak bakarkako skiffarekin eta lauko skullarekin eta gizonezko infantilak zortzikoarekin. Gizonezko kadeteak lauko skullarekin podiumeko atarian geratu ziren, laugarren egin zuten.

Niobe Ferreira eta Ane arrutik, emakumezko infantil mailan, skull bikoitzarekin, brontzea lortu zuten. Gizonezko infantilak, lauko skullarekin, txapeldun izan ziren. Jon Urangak, Aitor Freirek, Aimar Albizuk eta Mikel Lizarraldek lortu zuten urrezko domina.



Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide