Aulki mugikorrekko euskadiko txapelketak jokatu dira asteburuan. Orio Arraunketa Elkarteak bederatzi domina lortu ditu, horietako lau urreak. Infantilen eta kadeteen mailako txapelketa zen. Larunbat goizean kadeteen sailkapen probak jokatu ziren eta ondoren, final guztiak. 15 finaletatik lau irabazi ditu Oriok.
Urrea irabazi duten taldeak skull bikoitza emakumezko infantiletan, binakako laukoa gizonezko infantiletan eta kadeteetan, eta binakako laukoa emakumezko kadeteetan. Bi ontzi zilarrezko domina lortu dute, bigarren postuan sailkatu dira: gizonezko infantilen skull bikoitza eta gizonezko kadeteen skull bikoitza. Brontzezko domina lortu duten hiru ontziak gizonezko infantilen zortzikoa, emakumezko kadeteen skull bikoitza eta kategori berekoen binako laukoa dira.
Podiumean sartu ez diren Orioko ontziak lau dira. Skiff bakarkakoak –emakumezko infantiletan– laugarren egin du. Seigarren postuan gizonezko infantilen skull bikoitza eta gizonezko kadeteen skull bikoitza sailkatu dira eta bederatzigarren emakumezko infantilen skull bikoitza helmugaratu da.
Emakumezko infantiletan, binakako laukoan, ezin izan da txapelketa jokatu. Modalitate honetan bi ontzi besterik ez zeudenez, txapelketa osatu gabe gelditu da. Bi ontziak Oriokoak dira eta beren artean estropada jokatu dute, txapelketatik kanpo.