Estatxa askatzeko unea iritsi da

Karkara 2015ko eka. 26a, 09:03

Malagan emango zaio hasiera San Miguel Ligari. Lehen estropada puntuagarria izango da igande honetakoa, ekainaren 28koa. 

Urteurrena ospatzeko aulki mugikorreko estropada irabaztea ederra litzatekela esan zuen Gazpiok. Ospakizunik onena. Eta lortu zuten Sevillan hiru domina eskuratzea, horietako bat urrezkoa. Asteburu honetan tostako arraunketako lehen estropada dute, San Miguel Ligako lehen zita; puntuaziorik onena lortzea ospatzeko aitzakia ederra izango litzake.

Igandean izango da estropada, ekainaren 28an, eguerdiko 12:00etan hasita, Malagan. Euskadi Basque Country III. bandera egongo da jokoan. Ontziek lau trainerutako hiru txandetan banatuta egongo dira eta 5.556 metroko distantzia egin beharko dute, guztira lau luze eta hiru ziaboga.

Sariak potoloak dira. Irabazleak 3.285 € jasoko ditu. Bigarren sailkatuak 2.925 € eta hirugarrenak 2.565 €. Parte hartzaile guztiek jasoko dute ordainsaria.

Oriotarrak prest daude banderaren aldeko lehian sartzeko, aurkariari gauzak estu jartzeko. Talde sendoa dute. Urteroko baja naturalak izan ditugu, baina, bestela, taldea ez da asko aldatu, azaldu du Ibon Huegunek. 

Hiru baja eta bost alta

Berriak bost dira: Ion Piñeiro, Haritz Etxebeste, Urko Redondo, Jon Agirrezabala eta Odei Arrizabalaga. Berriak esatea ez dakit zuzenena den, etxekoak baitira, dio Gazpiok. Eta azaltzen du: Piñero lehenago ere izan da gurean, Etxebestek ere urte asko eman ditu eta Urko etxekoa da. Agirrezabala eta Arrizabalaga Zumaiatik datozen lehengusuak dira.

Alexander Estebanek, Oier Aizpuruak eta Jon Albizuk utzi egingo dute. Horiek dira Orioko Arraun Elkarteko bajak.

Honenbestez, hauek dira Oriok izango dituen arraunlariak: Jon Agirrezabala, Endika Alberdi, Odei Arrizabalaga, Ibon Arruti, Mikel Azkarate, Asier Carballeda, Iñaki Elorza, Iñaki Errasti, Unai Etxeberria, Irakoitz Etxeberria, Haritz Etxebeste, Josu Indo, Anartz Larrea, Miguel Angel Millares, Iñigo Mujika, Alain Osanblea, Andoni Peña, Ion Piñeiro eta Urko Redondo. 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide