1982an, 39 urte bete zituztenean, egin zuten lehen aldiz 43an jaiotakoen bazkaria. Ordutik urtero-urtero, hutsik egin gabe, elkartu dira eta Larrañagak hartu du urte horietan guztietan antolatzeko ardura. Dena den, meritua joaten direnena eta laguntzen dietenena dela uste du.
Gogoan duzu egin zenuten lehen bazkaria?
82an izan zen. Orduan Kinto afaria egin genuen, Toki Alaien. Garai hartan zentrala deitzen genion. Hiru kinta elkartu ginen, ezagutzen ez genuen jendea eta guzti. Gizonezkoak bakarrik joan ginen. Arraroa izan zen.
Handik urte betera Hondarribiara joan ginen, herri guztietako jendea batu ginen. Antxoa urte txarra izan zenez, jendeak ezin izan zuen joan, eta joan ginenok dirutza ordaindu behar izan genuen. Ez genuen egokia ikusten antolakuntza mota hori. Lehorrean nengoenez, buruari buelta batzuk eman eta formatua aldatzeko ardura eman zidaten.
Eta kintakoa egin ordez 43an jaiotakoena egitea egokiagoa zela pentsatu zenuen.
1943an jaiotakoak, emakumeak eta gizonezkoak, guztiak. Orion bizi ziren kanpotarrak eta kanpoan bizi ziren oriotarrak. 35 lagun bildu ginen lehen bazkari hartan, Katxiñan. Katxiña itxi zuten, iluntzera bitarte. Eguerdian mugimendu gutxi egoten zen garai hartan, hortaz, guk alde egin arte itxita egon zen. Izugarrizko eguna izan zen. Batzuek ezkontza egunean baina hobeto pasa zutela zioten.
Eta ondorengoak?
Txu-Txun afaria egin genuen hurrengo urtean, baina motz geratu zitzaigun; hobe goizetik hasita. Hirugarrena, Altxerrin egin genuen. San Pabloko ermitatik txistulariekin joan ginen jatetxeraino. Eta han, Orio Shopeko seme zaharrena eta konpainiak musika jo zuten.
Kanpoan ere egin dituzue, ezta?
Emakumeek, batez ere, nahiago dute kanpoan. Manterola eta biok Castrora joan ginen. Kortaren anai txikiarekin egin genuen topo. Bazkaltzera joan ginen eta 43an jaiotakoekin hara joatea erabaki genuen. Goizeko 8:30ean hemendik atera ginen. Meza entzun, Lekeitio eta Bermeo bisitatu, eta bazkal ordurako Castron geunden. Lizarran, Iruñean, Aian, Zarautzen, Mañuetan eta Capbretonen ere izan gara.
Geldik egotekoak ez zarete...
Ez, baina badakizu zer gertatzen den? Orain, gutxi garenez, autobusa garesti ateratzen zaigula eta ezin dugu kanpora joan.
Zenbat zarete?
Hilabete honetan egin dugu bazkaria eta hamabost lagun bildu ginen. Hiru-lau urte daramatzagu Galernan egiten.
Ohitura hartu eta ez duzue sekula hutsik egin...
Ahal dugun arte egingo dugu. Niretzat egun espeziala da eta oroitze hutsak zirrara eragiten dit. Hunkitu egiten naiz.