1997an sortu zuen bere lehenengo ikus-entzunezkoa, etxean zuen ordenagailuan. San Nikolas jaietako Surf Txapelketa bildu zuen bideoan. Afizioz egindako lan horrekin hasi zuen ikus-entzunezko esparruan bidea. Bide emankorra, oparoa.
Pepe Mujika. Iraultza lasaia dokumentala egin duzue. Egiari zor, guztion iruditegian gizon lasaia imajinatzen dugu...
Oso gizon patsaratsua eta gertukoa da, bai. Nabari zaio pasarte gogorrak bizi izan dituela eta horrek bizitzari beste ikuspuntu batetik begiratzea ekarri diola. Lasaitasuna transmititzen du.
Gogoan dut grabatzera joan ginen lehen goiza. Etxe ondoan bi polizia zeuden, bere segurtasuna zaintzeko. Bera lasai agertu zen, oinez, urrunetik. Motoan bikote bat gerturatu zitzaion eta 20 minutu eman zituzten hizketan. Gu esperoan. Ondoren, bere etxera gonbidatu eta ordu bete igaro genuen hizketan. Gure atzetik beste hainbat hedabide zeuden zain.
Hedabideetan bizitza xumea daramala dirudi.
Errealitatean ere horrela da. Baserri –Chacra Uruguain– xume batean bizi da. Ez du luxurik, beharrezkoak besterik ez. Berak eta emazteak behin eta berriz esan ziguten ez zutela gehiago behar pozik bizitzeko.
Denbora asko eman zenuten berarekin Uruguain?
Agenda hitzorduz lepo zeukanez, ez genuen denbora asko eduki berarekin egoteko. Euskal Herrira etorri denean, ordea, bi egun igaro ditugu berarekin.
Zer egin zenuten Euskal Herrian?
Lehendabizi Astigarretako Muxika baserrian izan ginen, bere birraitona handik abiatu omen zen Uruguaira. Nire birramona ere hangoa zen, hau kasualitatea!
Hondarribian ere izan ginen. Umoretsu zebilen, hilerrira iritsi ginen arte. Jose Vergamin, Peperen irakasle izandakoa, han baitago lurperatuta. Oso pertsona sentibera da, baina, behar denean, jenio bizia du. Hunkituta zegoela grabatu genionean, esaterako, haserretu egin zen. Grabatzez uzteko eskatu zigun. Pentsatzen duen guztia esaten du, pertsona zuzena da.
Berakin egotea ikasgai handia izan al da?
Momentu oro zerbait ikasten da berarekin, baina, ni, gauza batekin gelditu nintzen: gorrotoak ez duela ezertarako ere balio. Berak urte mordoa eraman zituen kartzelan, kondizio latzetan. Uruguain amnistiaren aldeko bozkak irabazi ostean utzi zituzten libre. Borroka armatua bertan behera uztea erabaki zuten, demokraziaren alde. Zaila egiten zait irudikatzea, baina berak ez dio gorrotorik urtetan bizitza kendu zion horri. Honela esan zigun: Bizitzan bi indar nagusi daude, maitasuna eta gorrotoa. Biak itsuak dira. Gorrotoa erabateko iluntasuna da, eta ez du uzten ikusten. Maitasunak ere ez du ikusten uzten, baina, behintzat, bizitzen uzten du.
Bere emaztea ere ezagutu zenuten?
Bai. Antzekoak dira oso. Luciak aipatu zigun Pepe borroka garaian ezagutu zuela, eta aitortu zigun, sekula ez zela maiteminduko borroka hartan ez zegoen pertsona batez.
Beste uruguitarren batekin egoteko aukera izan zenuten?
Batzuren batzuk elkarrizketatu genituen. Pepe oso pertsona maitatua da han. Zaila da berari buruzko iritzi txarren bat entzutea.
Berak esaten al zuen zerbait txarra Euskal Herriari buruz?
Euskal nazionalismoa oso kausa noblea dela uste du. Kritika egin zion borroka armatuari eta armak bertan behera uzteko erabakia goraipatu zuen.
Euskal Herriarekiko maitasuna duela dirudi.
Bere arbasoak bizi ziren toki berean egoteak zerbait piztu zion barruan. Txundituta agertu zen hemengo mendi, zelai eta paisaiekin. Nire arbasoak oso gaizki pasa behar izan zuten horrelako toki zoragarri batetik joateko, esaten zuen.
Zer nolako esperientzia izan da zuretzat?
Izugarrizkoa. Han bizitako hamar egunak ahaztezinak izan dira. Jende interesgarria ezagutu dugu, besteak beste, Peperekin kartzelan egondakoak. Testigantza hunkigarriak entzun ditugu beren ahotik. Gainera, Buenos Aires ezagutzeko aukera izan genuen Adolfo Perez Esquivel nobel saridunaren eskutik. Zer gehiago eskatu genezake?