Euskaraz nahi... eta ezin!

Karkara 2015eko ekainaren 29a

Orioko euskaltegiko irakasle eta ikasleak

Orioko euskaltegiko taldea gara eta idatzi honen bitartez gure ikaskide bati gertatutakoa azaldu nahi dugu; labur-labur eta motzean, inor mindu gabe eta inorekin haserretu gabe.


Duela aste batzuk, gure herrian, Orioko Arraun Elkarteak antolatuta garagardo azoka izan genuen; hori dela eta, beste zenbait herritar bezala, gure lagun hau plazara hurbildu zen bertako giroaz gozatzera. Gure ikaskideak, egunero egin ohi duen bezala, naturaltasun guztiz, euskaraz zuzendu zen lanean zeudenengana, baina jasotako erantzuna ez zen esperotakoa izan.


Nahiz eta gure ikaskideak behin eta berriz aurrean zeukan euskaldunari euskaraz egin, hark erdaraz erantzuten zion etengabe.... Zergatik gertatzen da hau?


Gure aldetik egoera hau salatu nahi dugu; izan ere, jarrera horiek gure hizkuntzari ez diote inongo mesederik egiten, are gehiago, euskara ikasten eta hobetzen ari garenekiko errespetu falta da. Era berean, egiten dugun esfortzua aintzakotzat hartzea eskatzen dugu, baina ez dugu inork gu txalotzerik nahi. Euskaldunak garenon eta euskara ikasten ari garenon arteko harremanak normaltasunez bizi nahi ditugu, errespetuz elkarrekin ikas dezakegu. Honenbestez, horrelakorik berriz ez gertatzea espero dugu.


Euskahaldunak garelako, euskaraz bizi nahi dugu!

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide