Ekainaren 5a egun ahaztezin horietakoa izan zen Harribil osatzen dugun familia guztiarentzat, 20 urte ez baitira urtero ospatzen eta aitzakia eder hark horrelako ospakizuna prestatzeko pena merezi izan zuen: urte sorta hauetan zehar dantzan aritu garenon artean emanaldi xumea burutu, dantza tradizionala eta tradizionalean oinarritutako koreografiak uztartuz.
Lehenik eta behin, eskerrak eman nahi dizkiegu bertara hurbildu zineten orori. Oinak dantzan hasi orduko sentitu genuen gertutasun eta berotasunak, berehala uxatu baitzituen ordura arteko urduritasunak.
Esan beharra dago, dantzari bakoitzak bere aletxoa jartzen saiatu ginela emanaldia berezia izan zedin. Hala eta guztiz ere, inor gutxietsi gabe, aipamen berezia egin nahi diegu Harribileko kideei, eta batez ere Mireia eta Iosuri, eraman duzuen lan zama ez baita makala izan, guzti hau aurrera eta bere fruitua eman zezan.
Hori guztia oroimen batean bakarrik gera ez dadin, ea berriz ere epe labur batean elkartzeko aukera dugun.
Eta bukatzeko, ze demontre gero, harro esan dezakegu: bejon deigula denoi eta aupa Harribil