Hiru domina Sevillako uretan

Karkara 2015ko eka. 22a, 13:31

Brontzea lortu du Javier Puertasek skiffean, zilarra zortzikoak eta txapeldun izan dira jubenilak lemazain gabeko laukoan

Espainiako Aulki Mugikorreko Txapelketak jokatu dira pasa den asteburuan, ekainaren 19tik 21era, Sevillako Cartujako pista olinpikoan. Ostiralean kanporaketak jokatu zituzten, eta larunbatean errepeskak, finalerdiak eta beteranoen finalak. Igandean izan ziren gainontzeko finalak, jubenilenak eta absolutuenak. 10 ontzi eraman zituen Orio AEk eta horietatik 8 sailkatu ziren A finaletara. Ontzi horietatik hiruk lortu zuten domina.

Beteranoetan lemazaindun laukoak bederatzigarren egin zuen kanporaketa estropadan, eta ez zen larunbateko finalerako sailkatu. Finalera iritsi zirenak Haritz Arostegi eta Javier Puertas izan ziren, skiffean. Seigarren postuan amaitu zuen txapelketa lehenak eta brontzezko domina irabazi zuen bigarrenak.

Jubenil mailan Orioko ontzi guztiak iritsi ziren finalera. Biko skullean seigarren egin zuten mutilek eta bosgarren neskek. Lemazain gabeko laukoan, Aritz Hernandez, Joseba Azkonobieta, Eneko Itxaso eta Martxel Aldai txapeldun izan ziren finalean.

Absolutuetan, lau ontzitik hiru sailkatu ziren finalera; Olaia Martinez, skiffean, atarian geratu zen eta zortzigarren egin zuen. Alberto Etxartek bosgarren egin zuen skiffean eta lemazain gabeko bikoak seigarren. Zortzikoak zilarrezko domina lortu zuen; bigarren egin zuen Sevillako Labradoresen atzetik.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide