Datorren larunbatean, ekainaren 20an, Anibarko Portuko jaiak egingo dituzte. Ekitaldiz jositako eguna antolatu du auzoko festa batzordeak: 10:00etan emango diote hasiera jaiei txupinazoarekin eta trikiti dianarekin. 11:00etan puzgarriak eta apar festa egongo dira. Horrez gain, haur jolasak egongo dira.
Janariaren inguruan mugituko da goiza hortik aurrera: 11:30ean auzoko jubilatuek hamaiketakoa jango dute Kaiua tabernan, 12:00etan sardina jana eta sagardo txotxa egongo dira eta 12:30ean tortilla patata lehiaketa eta dastaketa hasiko da.
15:30ean mus txapelketa egingo dute. Izen-ematea egun berean hasiera ordura arte irekita egongo da, eta 25 euro ordaindu beharko du bikote bakoitzak. Lau sari egongo dira: lehen saria bi txapel, bi taila eta 500 euro izango dira. Bigarren saria irabazten dutenek bi taila eta 250 euro jasoko dituzte. Hirugarren eta laugarren sariak 100 eta 50 euro izango dira, hurrenez hurren. Horrez gain, finaleko muslari onenari sari berezia emango diote, Katxiña Txakolinak etxeak emana.
17:00etan puzgarriak eta haur jolasak egongo dituzte berriz, eta txokolate jana egingo da. 19:00etan Errebal taldeak dantzaldia eskainiko du. 21:30ean auzokoek bertso afaria egingo dute eta jai egunari amaiera emateko Xabi Arostegi DJak gaueko giroa alaituko du.
Guzti horrez gain, egun osoan antigualeko gauzen eta zurezko arte lanen erakusketa egongo da.