Malen Moran: "Atzokoa izugarrizko eguna izan zen"

Karkara 2015ko eka. 15a, 14:21

1-2 irabazita Emakumezkoen Lehen Mailara igo da Oiartzun taldea. Oriok lehen mailako bi jokalari izango ditu orain, Malen Moran Oiartzungo jokalaria baita.

Hainbatetan lortutako ametsa baina diru kontuengatik galdutakoa, azkenean, egi bihurtu da. Oiartzun emakumezkoen lehen mailako taldea da atzotik, eta duela lau urtetatik taldeko jokalaria da Malen Moran oriotarra.

Zorionak Malen.

Eskerrik asko.

Atzoko eguna ahaztea zaila izango da, ezta?

Puf. Izugarrizko eguna izan zen. Nerbioak dantzan genituen partidaren aurretik. Negar sesio franko egin genituen hotelean, lasaitzeko balio izan zigutenak, nerbioak askatzeko. Nerbioak jota geunden, baina zelaira iristean lasaitu ginen.

Zuek ez ezik, gertukoak ere urduri egongo ziren.

Ostiral gauen joan ginen Galiziara, autobusez. Familia eta lagunak ere gurekin etorri ziren. Gurekin egin zuten lo hotelean, larunbat goizean ere alboan izan genituen. Asko babestu gintuzten.

Eta, igandean, egun handia iritsi zen.

Egun ahaztezina. 

Lanaren erdiak eginda eraman zenituzten, joaneko partidan, etxean, 2-1 irabazita.

Beren golak, egia esan, ezustean harrapatu gintuen. Azken hamar minutuetan sartu ziguten gola. Lasaitasun handiagoarekin joan nahi genuen Galiziara, baina, aldi berean ondo etorri zitzaigun emaitza estuarekin joatea, tentsioa mantentzen lagundu baitzigun.

Berak mentalki oso indartsuak dira, hortaz, partidan sartuta egon behar genuen bai ala bai. Azkenean lortu genuen 1-2 emaitzarekin lehen mailara igotzea. Zortea ere behar genuen eta izan genuen.

Zortea irabazi egiten dela diote.

Bai, hori ere hala da.

Zortearekin ala gabe, ametsa bete duzue.

Nik lau urte daramatzat Oiartzunen eta hiru urte igoeragatik borrokatzen. Nire taldekide batzuk 10-15 urte daramatzate taldean eta berak, behingoagatik, igoera lortzea oso pozgarria da.

Behin baina gehiagotan lortu duzue igoera, baina egoera ekonomikoagatik ezin izan duzue lehen mailara igo.

Iaz, esaterako, igoera jokatu aurretik bagenekien zaila izango zela lehen mailan egotea, diru kontuengatik. Gozatzeko esan ziguten, disfrutatzeko. Aurten, aldiz, zelaian gure eginbeharrak egiteko esan digute eta berak –zuzendaritzak– beren lana egingo zutela. Hortaz, badirudi aurten egi bihurtu dela ametsa.

Ametsa beteta, etxerako buelta gozoa izango zen.

Izugarrizkoa. Etxera bueltan autobus gidaria zen nerbioso zegoena, izugarrizko festa baikenuen autobusean. Ordubatak aldera iritsi ginen Oiartzunera eta lagun batzuk zain izan genituen, zoriontzeko.

Ospakizunak gaur jarraitzen du?

Atzo jendea etxeratu egin zen, gaur lan egitea tokatzen baitzen; baina, gaur poteatzeko gelditu gara. Noski, orain ospatzea tokatzen da.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide