Sara Peña: "Aldapan behera egin zitzaidan zailena"

Karkara 2015ko eka. 11a, 10:07

31,6 kilometro eta 2.047 metroko malda. Beteranoetan bigarren eta sailkapen orokorrean zazpigarren izan zen Sara Peñak Izabako Camille Extreme lasterketan.

Proba gogorra izan al zen?

Desnibela guztira 4.080 metro dira. Hala ere, gorantz baino, beherantz izan zen zaila egin zitzaidana. Aldapa oso malkartsuak ziren, harriarekin; zati batzuk oso teknikoak ziren. Alde horretatik izan zen gogorra.

Lehen aldia izan al zen proba horretan parte hartzen zenuena?

Bai, lehena zen. Terreno horietan nola moldatzen naizen ikustera joan nintzen, batez ere. Proba luzea da, malda gehiagorekin, eta toki ezezagunean. Probatzera joan nintzen eta hurrengo denboraldirako horrelako besteren bat prestatu nahi dudan ikustera.

Nola ikusi zenuen zure burua?

Proba ezagutzen zuten pare bat pertsonak esan zidaten kontuz ibiltzeko, dosifikatzeko nire indarrak. Nik ezagutzen ez nuenez, agian gehiegi dosifikatu nuen. Hobeto egin nezakeen sentsazioa daukat.

Nire helburua ez zen lehiatzera joatea, maila oso altua zegoela banekien. Nire burua bertan ikustera joan nintzen gehienbat. Baina indarrez nola iritsiko nintzen beldurrez nengoen –bero handia egiten zuen, gainera–; banekien 17. kilometroan igoera gogor bat zegoela, hiru kilometrokoa, eta ez nekien nola egingo nuen. Horregatik, lehen kilometroak –berez lauenak– normalean baino lasaiago egin nituen.

Normalean lasterketetan aurretik hasi eta atzeratzen joaten naiz. Hemen kontrakoa egin nuen, atzetik hasi eta aurreratzen joan nintzen. Orain, proba ezagututa, beste modu batera egingo nuke. Dena den, oso gustura bukatu nuen, eta indarrez oso ondo.

Ba al duzu berriz egiteko intentziorik?

Bai. Orain terrenoa ezagutzen dudala, hurrengo urterako beste modu batera prestatuko dut. Badakit zati batzuetan lasaiago joan eta beste batzuetan gehiago estutu behar dudala. Azken finean, lasterketa batean garrantzitsuena zu zeu nola antolatzen zaren da: janariarekin, intentsitatearekin, indarrak neurtzen...

Zein asmo duzu hemendik aurrera?

Oso gustura nabil, harrapatuta nauka honek. Orain uztailaren 5ean Flyscheko lasterketan aterako naiz eta udan geldialdia egingo dut, gorputzak atsedena behar du eta. Baina abuztua amaiera aldera badira proba batzuk eta berriz hasiko naiz. Gainera, hurrengo urterako mendi maratoi bat prestatzen hasteko asmoa dut.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide