Urtebete kalean sasoian jartzen

Karkara 2015ko eka. 10a, 12:17

Urtea betetzen du Kalefitek eta egun osoko egitarauarekin ospatuko dute ekainaren 13an, larunbatean

Urtebete pasa da herriko jendea gimnasiotik kalera kirola egitera irten zenetik, urtebete Jorge Pintok Kalefit sortu zuenetik. Denbora horretan herriko hainbat txokotan aire zabalean kirola egiten ikusi ditugu kalefiteroak.

Lehen urteurrena ospatzeko kirol festa egingo dute hondartzan ekainaren 13an. 10:30ean irekiko dituzte ateak eta 11:00tan hasiko dira motorrak berotzen. Kalefit zirkuitoa egingo dute 11:15etik 11:45era eta, atsedenaldia egin ondoren, 12:00etan Kalefit Workout izango da. Guzti hori DJGren musikarekin girotuta.

Entrenamendua amaitu ostean afariak zozketatuko dituzte parte-hartzaileen artean. Horrez gain, Katxiña txakolina eta txistorra pintxoak dastatu ahal izango dituzte kirolariek.

Animalien aldeko entrenamendu solidarioa izango da larunbatekoa. Ateratzen dituzten irabaziak Bakarnetegi txakurren aldeko erakundearentzat izango dira.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide