Sofboleko Euskadiko eta Kubako selekzioek partidak jokatuko dituzte Orion

Karkara 2015ko eka. 10a, 11:00

Bigarren Euskadi-Kuba topaketa egiten ari dira; lehena 2013an egin zuten Kuban.

2013an Kuban izan zen Euskadiko Sofbol Selekzioa, bi herrialdeen arteko topaketan. Tartean ziren Patxi Arnal OBBko entrenatzailea –hautatzaile bezala– eta taldeko jokalari batzuk. Hainbat partida jokatu zituzten bi selekzioek eta aurrera begirako harremanak sendotu zituzten.

Orain kubatarrak etorri dira bisitan Bigarren Euskadi-Kuba Topaketa egiteko. Ekainaren 5ean hasi zen topaketa, eta 17ra arte luzatuko da. Hainbat lagunarteko partida jokatuko dituzte bi selekzioek elkarren aurka Donostian, Bilbon eta Orion. Orion ekainaren 10ean eta 12an izango dira, Mendibeltzen, 18:00etatik aurrera.

Horrez gain, ekainaren 13an eta 14an Euskadi Orio Txapelketa jokatuko dute bi selekzioek eta Espainiak All Star taldeak. Larunbatean, 10:30etik hasita, hiru partida jokatuko dituzte. Euskadi-Kuba izango da lehena, Kuba-All Star bigarrena –14:00etan– eta Euskadi-All Star azkena –16:30ean–. Igandean, 10:30ean, bigarren eta hirugarren sailkatuen partida jokatuko da eta ondoren, 13:00etan, finala.

OBBko hamaika jokalari daude Euskal Selekzioan. Horrez gain, entrenatzaile taldeko Patxi Arnal, Lorena Morras eta Sergio Berdasko ere taldean daude.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide