Bederatzi urrezko domina Gipuzkoako Aulki Mugikorreko Txapelketan

Karkara 2015ko eka. 9a, 08:45

Argazkia: Joxemari Olasagasti

Orion jokatu zen larunbatean, ekainaren 6an, Gipuzkoako Txpelketa eta Aulki Mugikorreko Ligaren 9. jardunaldia hartzen zituen estropada

Gipuzkoako Aulki Mugikorreko Txapelketak jokatu ziren larunbatean, ekainaren 6an, Orion. Maila guztietan egin ziren estropadak, gizonezko absolutuen zortzikoan izan ezik. Txapelketa izateaz gain, Gipuzkoako Aulki Mugikorreko Ligako bederatzigarren eta azken jardunaldia ere bazen estropada.

21 domina lortu zituen Orio AEk. Mutiletan, infantil eta kadete mailako laukoak, jubenil mailako bikoak eta kadete mailako skiffak urrea lortu zuten. Zilarra infantil mailako skiffak, bikoak eta zortzikoak, kadete mailako skiffak, bikoak eta lemazain gabeko laukoak eta beteranoetako skiffak lortu zuten. Azken maila horretan brontzea ere lortu zuten.

Nesketan, kadete eta infantil mailako bikoak eta laukoak, eta infantiletako skiffak urrea irabazi zuten. Maila beretako laukoek zilarra ere lortu zuten, eta baita absolutuetako skiffak ere. Jubeniletan, bikoak brontzezko domina etxeratu zuen.

Orioko estropadarekin Gipuzkoako Aulki Mugikorreko Liga amaitu da. Bederatzi ziren programatutako estropadak liga horretan, baina, arrazoi desberdinak medio, zazpi bakarrik egin dira. Orio AEk, infantil eta kadete mailatan jaso du irabazlearen bandera.

Aulki mugikorrean denboraldi oso ona egin du Arraun Elkarteko harrobiak. Hogeita hiru txapelketatik hogeita batean hartu du parte, eta guztietan lortu du dominaren bat. Guztira bederatzi urre, hamar zilar eta bi brontze lortu dituzte.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide