Ondo ereindakoaren fruituak

Karkara 2015ko eka. 8a, 10:26

Txapela kentzeko estropada egin zuten oriotarrek eta, ondorioz, txapela jantzita eta bandera astinduta etorri ziren Mutrikutik Oriora.

Ekainaren 7an, igandearekin, Mutrikuko I. Emakumezkoen Traineru Ikurriña zegoen jokoan. Sei traineru banderaren alde lehian: Donostia Arraun Lagunak, Hernani,  Oiartzungo Itsaslapurrak, Hibaika, Zarautz-Getaria, eta etxeko taldea, Orio. Azken hori izan zen azkarren, atzetik zuen Hibaikari hamaika segundoko tartea aterata. 

Bezperan aurkezpena izan zuten herriko plazan. Jendaurrean harro baina ez harroputz, arraunerako duen taldearen balioa azpimarratu zuen Klaudio Etxeberria entrenatzaileak. Urtetik urtera talde sendoagoa eta batuagoa dute, oinarrian urteetako lana baitago. Salbuespenak salbuespen, arraunlari gutxi batzuk izan ezik, gainontzekoek taldean jarraitu dute denboraldiz denboraldi, eta horrek eragina izan du, nabarmen. Hobekuntza begi bistakoa da eta emaitzetan islatzen da hori.

Iaz Euskotren Ligaren atarian geratu ziren arren, Kontxan maila altua eman zuten eta kikildu ordez indartu egin zirela argi utzi zuten. Eta, aurten ere, iazko uberari jarraituz, lanerako gogoz dago Orioko taldea. Atzokoa izan zen horren erakusleiho. Mutrikuko bandera hamaika segundoko aldeagatik irabazi zuten, erraz, itsasoan fin aritu ondoren.

11:17:96 denbora egin zuen Oriok. Hibaika gelditu zen bigarren 11:29:06 denbora eginda. Hirugarren Zarautz-Getaria izan zen 11:50:04 denborarekin, laugarren Donostia 12:17:53n geldituta kronometroa, atzetik Hernani 12:25:63 denbora eginda eta, azkenik, Oiartzungo Itsaslapurrak iritsi ziren 13:19:43 denborarekin.

Etxerako bidai gozoa izan zuen taldeak, eta, lehen aldiz, Udaletxeko balkoira igo eta herriaren errezibimendu goxoaz gozatzeko aukera izan zuten. Bandera ederki astindu zuten, banan bana, eta aurrenekoa bai baina azkena ez izateko lanean jarraituko dutela erakutsi zuten.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide