Hogei urte atzera egitean, oraindik gertukoak zaizkien emozioak etorriko zaizkie gogora askori. Oroitzapen gozoak. Desagertzear zegoen ohitura berreskuratu zuten. Hankak astintzen hasi ziren. Dantza-tradizio handiko herria dantzan jarri zuten, Harribil sortu zen.
Harribil, Gortzintziren ubera
Itsas bazterreko harkaitz biribil bat da Harribil. Dantza taldeak badu izenetik, harkaitza bezain sendoa, itsas-brisa freskoaren parekoa eta biribila –bere zentzu hertsienean– baita. 1995ean jarri zitzaion izena eta eman zitzaion forma hainbat dantzazaleren proiektuari.
Euskaraz gazte izena zuen ekimena jaio zen Euskara batzordetik. Ekimenaren harira, 1995eko urrian, festa handi bat egin zen. Jaiaren aitzakiarekin dantzan aritzeko eskatu zien garai batean Gortzintzi dantza taldeko kide zirenei. Festa kilometroak txiki baten antzera gogoratzen dute. Hondartza aldean izan zen, kanpinaren bueltan.
Oholtzara igo eta jaistea erabaki zuten. Harribilen abiapuntua izan zen jai hura. Ordutik belaunaldiz belaunaldi dantzarekiko garrak bizi-bizi jarraitu du.
Hasiera jendetsuak
Bi bide paralelotan hasi ziren lanean. Batetik, elkartearen estatutuak osatzen ari ziren; eta, bestetik, dantzariak biltzeko deialdia egin zuten. 30 lagun inguru bildu ziren. Boom modukoa izan zen herrian, dantzan ikasteko gogoa piztu zien askori.
Adin eta jakintza ezberdinetako jendea elkartu zen. 16 urte zituen gazteenak eta 40 urtera gerturatzen zen zaharrena. Dantzan zekitenak zeuden, baita arin-arin eta fandangoa herriko plazan sekula dantzatu ez zutenak ere.
Anitza zen taldea. Ilusioz gainezka eta lanerako gogoz beteta zeuden; hasiberrien ilusioarekin eta dantzari ohiak dantzara bueltatzeko gogoarekin.
Taldearen barruan azpi taldeak egin zituzten, lana banatzeko. Batzorde modukoak osatu zituzten eta bakoitzak bere ardurak zituen: dirua, materiala, arropa…
Hasi eta urte betera egin zuten lehen emanaldia, 1996an. Herriko festetan izan zen, sanpedroetan. Harrera paregabea izan zuen; ezin hobea.

Usadio berritzailea
Orain hasiera garai horietara begiratuz gero, dantza talde tradizional gisa definituko dute. Duela hogei urte, ordea, berritzaileak ziren. Betidanik ikasi zuten dantza tradizionala eraldatzen hasi zen, eta Harribilkideak olatu horretan sartu ziren. Ez soilik dantza egiteko moduan, baita arropan eta musikan ere, esaterako.
Berritzaileak izan arren, ez zioten tradizioari traizio egin. Oinarria ondo landu zuten, eta, bereziki, Euskal Herriko ohiko dantzak egiten zituzten. Baina berentzat berriak ziren dantzak ere ikasi zituzten.
Mugarri izan zen jantzietan Harribil, oraina eta geroa markatu zituen. Ordura arte motadun jantziak erabiltzen ziren dantzarako, ia beti. Geroztik, ordea, moda desfile baten pareko dira dantza emanaldiak. Gaur egun, oraindik, hasiera garaiko jantziak ere erabiltzen dituzte, nahiz eta emanaldi berri baten atarian jantzitegia aldatzen duten.
Eraldaketa eman zen, eta, dantzak Orion zuen berezko esentzia galdu gabe, bide berrietan hasi ziren jauziak egiten, kriskitin jotzen eta hankak astintzen.
Ondo errotutako dantza taldea
1996an egin zuten lehen emanaldia, San Pedro jaietan. Aiara, Adunara, Italiara, Palentziara eta beste hainbat tokitara joan ziren. Urtero, herrian, ekitaldi bat egiten zuten, gutxienez, eta urte osoa hori prestatzen igarotzen zuten. Berak prestaketa lanetan eta herritarrak zain. Sona handiko ekitaldia bilakatu zen, oriotarrek sekula galtzen ez zuten hitzordua.
Ondo sustraitu zen Harribil dantza taldea Orion. Eta aurretik Gortzintzikoa gerta ez zedin, ernatu zen lorea ihartu ez zedin, Udalari eskaera bat egin zien.
Musika eskolan, gainontzeko instrumentuekin batera, dantzako eskolak ematea eskatu zioten Udalari. Ez zieen trabarik ipini, ondo ikusi zuten hasiera-hasieratik eskaera. Onartu egin zuten, eta, umeek, oso gaztetan, euskal dantzak ikasteko aukera izan dute geroztik.
Horrela hasi ziren, txiki-txikiak zirenean, egun Harribil dantza taldearen gidaritza eramaten dutenak. Gutxi gorabehera sei urte zituztenean eman zuten izena musika eskolan, eta, orain, hogeita sei urterekin, dantzan jarraitzen dute.
Musika eskolako eskaintzan dantza sartzearekin beren helburua beteko zela ziurtatu zuten: aurretik gertatu zena berriz ez gertatzea. Dantza ez desagertzea Orion. Harribilek ibilbide luze eta oparoa izatea.
Eragile eredugarri eta parte hartzailea
Hamasei dantzarik osatzen dute Harribil dantza taldea gaur egun. Urteak pasa arren, egoera ez du aldaketa bortitzik jaso. Dantzarien adin-tartea handia da oraindik ere, hamasei urtetik hogeita sei urte bitartekoak dira.
Oraingoan, ordea, musika eskola harrobitik datozenez, oinarria guzti-guztiek dute; nahiz eta garaiak aldatu eta egun dantzaren oinarrietan ez den fokua lehen bezain beste jartzen. Sormenari ematen zaio, egun, garrantzia itzela.
Sortzaileak dira taula gainera igotzen diren dantzariak, baita itzalean lan egiten duten jostunak edo musikariak ere. Sortzaile talde batek ondo jositako sarea osatzen dute emanaldi bateko partaide guztiek. Eta, pieza guztiak dira garrantzitsuak: musika, koreografia, teknika, arropa...
Osagai guztiekin lortu dute dantzari sena lokartuta zuen herria esnatzea eta dantza ekitaldi bakoitza, urtero-urtero, egutegian gorriz biribildutako eguna izatea. San Juan bezperako ekitaldiarekin hasi ziren, eta ohitura bihurtu da herrian. Egun horrek jada ez luke zentzurik izango dantzarik gabe. Sanjuanetakoa ez ezik, Herribil ere urtero-urtero, hutsik egin gabe, antolatzen den jaia da.
Eta, horiez gain, hamaika ekitalditan hartzen dute parte: festen deiadarrean, dantza txapelketaren antolakuntzan, soka dantzan, Bisigu egunean, Karmengo Amaren egunean... Herriko folklorea batzen duen festa batean beti izaten du tartea Harribilek; zuzenean edo zeharka, festaren aitzakian, beti hartzen dute parte.

Behar adina denbora ez dutenean
Denbora asko eskaini behar zaio dantzari. Ez soilik taula gainera igo eta dantza egitea; baizik eta koreografia asmatzea, entseguak egitea, kantua lotzea, emanaldia antolatzea... kudeaketa handia da dantza taldeak eskatzen duena. Eta, sarritan, denbora gutxiegi dute horretarako guztirako.
Hamasei dira taldean, eta kopuru polita den arren, batzuetan motz gelditzen dira. Baten batek entseguetara joan ezin badu, hutsunea gehiegi nabaritzen da; eta, antolakuntzan, esku gehiago eskertuko lituzkete.
Eskertuko dutena, bai ala bai, mutilen presentzia da. Musika eskolan dabiltzan mutilen kopurua handia da, baina, Harribilerako pausoa oso gutxik ematen dute.
Egiteko asko, baina gogobetetzea ere handia
Gainontzeko kiroletan, emaitzak, asterokoak dira. Egindako lanaren fruituak asteburuko partidan etortzen dira. Baina, dantzan ez da horrela. Eguneroko lana eskatzen du, prestakuntza handia, eta saria sei hilabetera jasotzen da.
Askok, aukeraketa bat egiterakoan, dantza uzten dute alde batera. Pena da. Dantzan ez zara soilik dantzaria, dantzariak beregain beste hainbat betebehar hartzen ditu. Eta horiek guztiak ondo ateratzen direnean jasotzen den poztasuna ikaragarria da. Sei hilabete buru-belarri lanean aritzeak merezi du, oholtza gainera igo eta dantza saio batean barrena hustu ostean publikoaren txalo zaparra jasotzea bezalakorik ez baitago.

Hogei urteak ospatzeko festa ederra
Hogei urte ez dira edonoiz betetzen. Data esanguratsua da harribiltarrentzat urteurrena, baita ospakizun festa egiteko aitzakia ederra ere.
Ekainaren lehen ostiralean, ekainaren 5ean, ekitaldia egingo dute Karela kiroldegian, gaueko 22:00etan. Emanaldian Harribilen historia, ibilbidea, azalduko dute. Hasieran egiten zituzten dantzatatik abiatu eta gaur egun dantzatzen duten horietara egingo dute bidaia. Dantza taldeak izan duen garapena ikusiko da.
Dantza egitera 37 lagun inguru animatu dira, gutxi gora-behera. Hasiera garaiko dantzariak eta gaur egungoak, guztiak elkarrekin arituko dira dantzan. Ilusioz daude guztiak; oraingoak, haize freskoa eta giro aparta dagoelako; eta, hasierakoak, sekula itzali ez zaien garra piztu zaielako. Emozioak bor-bor dituzte guztiek.
Dantza ekitaldira animatzen ez direnek izango dute ospatzeko aukera. Larunbatean, ekainaren 6an, bazkaria egingo dute Aiako Altxerri jatetxean. Izen ematea bukatu den arren, azken momentuan animatzen direnek ere izango dute aukera mahaiaren bueltan hogeigarren urteurrena ospatzeko.
Duela hamar urte, antzerako festa bat egin zen. Jendea dantzara gerturatu zuen ospakizun hark, eta hori errepikatzea nahiko lukete Harribileko kideek. Hogeigarren urteurrenaren harira dantzaren sua hauspotzea espero dute, eta horretan ahaleginduko dira.