Hogei urte bete ditu Harribil dantza taldeak, 1995ean jaio baitzen. Data esanguratsua denez urtemuga, urteroko ekitaldia are bereziagoa izango da aurtengoan. Ohiko dantzariez gain, hogei urte hauetan Harribilen izan diren dantzariek ere hartuko dute parte. Ekitaldia bihar izango da, ostiralarekin, 22:00etan, Karela kiroldegian.
Emanaldian Harribilen historia, dantza taldearen ibilbidea azalduko dute dantzaz dantza. Hasieran egiten zituzten dantzekin abiatuko dute emanaldia eta gaur egun dantzatzen dituztenekin itxi. Horrela, dantza taldeak izan duen garapena ikusi ahal izango da.
Gutxi gorabehera 37 lagun arituko dira dantzan, hasierako dantzariak eta gaur egungoak. Ilusioz gaude biharko ekitaldirako, gogotsu prestatu baitute. Emanaldirako sarrera dohakoa izango da.
Emanaldiaz gain, bazkaria
Larunbatean, ekainaren 6an, bazkaria egingo dute Aiako Altxerri jatetxean. Izen ematea bukatu den arren, azken momentuan animatzen direnek ere izango dute aukera mahaiaren bueltan hogeigarren urteurrena ospatzeko.