Hauteskundeak

Herriaren norabidea aukeratuta

Karkara 2015ko eka. 3a, 18:08

Jeltzaleak izan dira babestuenak, nola Aian, hala Orion. Orain arte agintean izan direnek jarraituko dute gobernuan Aian, Nekane Arrizabalagari emango dio testigua Igor Iturainek; bertatik bertara. Oposizioan, bi zinegotzi gutxiagorekin, EH Bildu izango da.

Orion, duela lau urte bozkatuena izan zen EAJk jaso ditu, aurten ere, boto gehien. Udalbatzarreko sei zinegotzi jeltzaleak izango dira, lau EH Bildukoak, bi Orain plataformakoak eta bat PSE-EEkoa.

Boto gutxiago jaso arren, jeltzaleak bozkatuenak

2011n EAJ izan zen arren bozkatuena, udal gobernua Orioko EH Bilduk eta Orainek osatu zuten. Aurten ere, boto gehien jaso dituen alderdia EAJ izan da, eta, 180 graduko aldaketarik ezean, Joxe Anjel Zaldua izango da Orioko alkatea. Emaitzarekin oso pozik dago oriotarra. Gure helburua sei zinegotzi lortzea zen, eta lortu dugu, azaldu du Zalduak.

Aurreko legealdian bezala, sei zinegotzi izatea lortu dute jeltzaleek, baina duela lau urte baino boto gutxiago jaso zituzten. 2011n 1.268 boto eta 2015ean 1.133. Boto kopuruaren jaitsiera parte hartzearen jaitsierarekin lotu du Zalduak: Abstentzioarekin boto gehien galtzen dituztenak alderdi bozkatuenak izaten dira, normalean. Boto gehien galdu dituena Bildu izan da eta, beren atzetik, gu gaude boto gehien galdu dituztenen artean.

EH Bilduk lau urte hauetan 148 boto galdu ditu. 2011n 1.038 oriotarrek bozkatu zuten Bildu, eta, aurten, 890 herritarrek. Emeterio Iribar zerrendaburuak azaldu duenez, sakon baloratu gabe, botoen galeraren giltzak hauek lirateke: Gipuzkoan ikusi den beheranzko joera, eta gobernuan egotearen desgasteak taldearen mugak agerian utzi dituela. Botoen galerak zinegotzi bat galtzea ere ekarri die, bost zinegotzi izatetik lau izatera pasa dira. Guk bosten itxaropena genuen eta laurekin gelditu gara. Espero genuena ez dugu lortu, aitortu du Iribarrek.

Botoetan gora egin dutenak Orain eta PSE-EE izan dira. Miriam Uranga alkateordeak, ordea, sentsazio gazi-gozoa du: parte hartzea ia %8a jaitsi da eta hori ez da pozgarria. Gure lana partaidetzan oinarrituta dago, beraz, datuak ezin ditugu ontzat eman.

Sozialistek boto gehiago eskuratzeaz gain, 2011n galdutako zinegotzia lortu dute. Lau urte udaletxetik kanpo egon ondoren, kosta egiten da zinegotzia berreskuratzea, eta are gehiago herri txikietan. Zinegotzia berreskuratzea eta botoak biderkatzea, pozgarria da oso. Jendeak berriz gugan konfiantza duela jakitea, eta lana egiteko aukera ematen digula ikustea, zoragarria da, dio Ana Priedek.

Aian  jeltzaleen gorakada

Aian, ordea, jeltzaleek botoetan gora egin dute. 2011n baino 15 boto gehiago jaso dituzte eta zinegotzi bat gehiago lortu dute EH Bilduren jaitsierarekin. Arrizabalagak aurreko legealdian egindako kudeaketa onarekin eta jarraipenarekin lotu du gorakada. Jendeak taldearengan konfiantza du, aitortu du eta hori oso positiboa dela gaineratu du.

Eñaut Guruzeagaren ustetan, EH Bilduren beherakadaren arrazoiak Foru Aldundian gobernatzearekin lotu ditu: Ez dakigu herri mailan zergatik gertatu litekeen jaitsiera, baina, badirudi, Foru Aldundian gobernatu izanak desgastea eragin diola EH Bilduri.

Abstentzioak gora egin du

Aian ez da errolda aldatu lau urtetan. 1.533 lagunek bozkatu zezaketen bi hauteskundeetan. Bozkatu duten lagunen kopurua, ordea, ez da bera izan. 2011n 464 lagun abstenitu ziren eta 2015ean 503. Abstentzioa %2,54 igo da.

Orion, errolda aldatu egin da lau urtetan: 2011n errolda 3.992koa zen eta, aurten, 4.265ekoa izan da. Baina, dena den, abstentzioa igo egin da, %7 inguru. Duela lau urte %26,08koa zen abstentzioa, 1.041 lagunek erabaki zuten ez bozkatzea; 2015eko udal hauteskundeetan %33,72koa izan da abstentzioa, bozkatu zezaketen 1.438 oriotarrek ez dute bozkatu.

Oriotarrak eta Aiarrak hemendik kanpo

Asko dira Orion eta Aian jaio, hazi edo bizi direnak eta politikagintza kanpoan egiten dutenak. Leandro Azkue Iribar oriotarra zinegotzi izango da Amasa-Villabonako udalerrian, EAJ alderdiaren izenean. Alderdi bereko oposizio-buru eta  zinegotzi, aldameneko herrian, Zizurkilen, izango da Marian Lazkano. Donostiako alkatetza lortu du Aian bizi den Eneko Goiak. Nikanor Lertxundiren EH Bilduk babes handiena lortu du Getarian, 933 botorekin. Lertxundi alkate izan da azken lau urtetan eta errepikatu egingo du datozen lau urteetan ere.

Batzar Nagusietarako ere jeltzaleak nagusi

Aian eta Orion, EAJ izan da alderdi bozkatuena Batzar Nagusietarako, 536 eta 1255 bozkekin, hurrenez hurren.  Bigarren alderdi bozkatuena EH Bildu izan da, 391 eta 965 bozkekin. Batzar Nagusietan ere izango dute presentzia oriotarrek eta aiarrek. Ione Cisneros Ahal Dugu - Podemosen izenean, eta Marian Lazkano eta Ainhoa Usandizaga EAJtik izango dira batzarkideak.

Alkate aldaketa ekainaren 13an

Legeak ezartzen du alkate aldaketa hauteskundeak pasa ondoren noiz egin behar den. Jaurlaritzaren arabera, ekainaren 13rako osatu behar dira Udal Gobernuak eta aukeratu behar dira alkateak.Badirudi ez dela aparteko ezustekorik egongo. Aian, gehiengo absolutuarekin, Arrizabalagak jasoko du alkate makila. Orion ere, emaitzengatik eta alderdiek esandakoagatik, Zaldua alkate izango dela ondorioztatu daiteke.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide