Oriotarren iraultza, martxan

Manu Etxeberria 2015eko ekainaren 3a

Munduan iraultza giroa nagusitzen zen; Orion iraultza arraunean gertatu zen, 1965ean elkarte berria sortu zenetik. Parisen, 68ko maiatzean kultura, politika, gaztedia eta berrikuntzak bor-bor zebiltzan bezala, Orion ere bazebilen giro hori: oriotarren iraultza zen.

Aurreko atalean adierazi genuen moduan, 1970ko arraun-denboraldia oso berezia izan zen euskal arraunketarentzat, tradizio eta ohitura zaharretan oinarrituta zegoen arrauna aro modernoan sartzea ekarri baitzuen. Orioko traineruak Kontxan iraileko aurreneko igandean egindako erakustaldia betiko geratu zen milaka eta milaka arraunzaleen begietan.

1968  Elkartea, abangoardian 

Orion hainbat eta hainbat berrikuntza gertatu ziren 1968. urte ospetsu hartan: aurreneko Nazioarteko Estropadak, atzerrira egindako irteerak, Espainia mailan CRO Orioko Arraunketa Elkartearen nagusitasuna... guztia ere herrian finkatzen ari ziren ohitura eta arau berriak gidari.

Estropadetarako ordu erdi lehenago prestatzen, berotzen, hasita zeuden Patxi Sarasuak gidatutako arraunlariak. Ordura arte, haren esanetan*, ontzian sartu eta estropadaren irteerara joan eta estropada hasi, izaten zen. Frantzia aldean –Libourne, Bordele eta Paris– estropadetan parte hartzen hasi zirenean, Sarasuak eta kide zuen Juanito Altxerrik han ikusitakoak ikasten jarrita zeuden

Peter Karres eta Alber Mainella 

Patxi Sarasuak bildutako gazte-taldearen grinak zuen indarra paregabea zen, eta emaitzak iristen ari ziren. Esate baterako, Frantzia aldean jokatutako estropada haietan lortutako emaitza onei esker, Orioko CRO izena entzuna izaten hasi zen, eta hara joateko ez zen gonbidapen faltik izaten. Kanpora joan ziren batean, Alemaniako Peter Karres arraunlariarekin kontaktatu zuten oriotarrek, eta haren laguntza entrenamendu-prestaketan eta abarretan oso handia izan zen.

Hurrengo urtean, 1969an, nazioartean atletismoko entrenatzaile zebilen frantziar bat, Albert Mainella, Oriora ekartzea lortu zuten. Mainellak, prestaketa fisikoa eta elikadura kontutan zeuden ohiturak eta sineskeriak baztertu zituen erabat. Artean, ohikoak ziren entrenamendu saio laburrak; esate baterako, trainerutan hogei minutukoak, estropadak irauten zuen denbora berberekoak. Eta erabat onartuta zegoen estropada aurreko egunetan, eta egunean bertan, kiloko txuletoiak indarra ematen zuela.

Orioko laukoa, Estatuko selekzioan

Elkartea ziztu bizian zihoan goruntza, eta horren lekuko izan zen, Espainiako selekzioak Europan egindako bira batera herriko bost estropalari eraman zituela, Banyoleseko laukote batekin zortzikoa osatzeko. Luxiano Manterola, Juanito eta Jose Ramon Altxerri anaiak, Estanis Sarasua eta Bixente Korta lemazaina, Frantzia, Alemania, Belgikan eta Suitzan ibili ziren hogei egunetako bira egiten.

Aste batzuk lehenago, Estatuko txapelketan, Orioko zortzikoak eta lemazain laukoak txapela irabazi zuten, ondorengo urteetan oriotarrekin norgehiagokan ibili zen Banyoleseko taldea gaindituta. 

Oxfordeko zortzikoa, Orion

Herri mailan, eta Euskal Herri osoan, arraunzaleak garaipen horiekin harrituta bazebiltzan ere, historiaren hurrengo atala are zirraragarriagoa izan zen. Gazte olinpikoak goi mailan ari zirela begi-bistakoa zen, baina, uda iritsi eta, hara non Oxfordeko zortzikoa herrira etorri zen. Nazioarteko estropaden zalaparta Gipuzkoako herri txiki honetatik Kantauri osora iritsi zen, eta, telebistari esker, baita Espainia eta Europara ere.  AS kirol-egunkari sortu berriak egunero  eman zion orrialde osoa astebetean Orioko nazioarteko estropadari. 

Elkartearen lehen presidentea zen Antonio Camposek gogoratzen duenez*, Madrilera joan ziren, eta leku gehienetan, oso gazte eta gogotsuak ginela ikusita, ondo hartu gintuzten. Londresko enbaxadorearen bitartez Oxford etortzea lortuta gero,  AS egunkaria eta TVEkoekin ere hitz egin genuen, eta horrela lortu genuen hura martxan jartzea.

I Nazioarteko estropadak martxan zeuden. Hortik aurrera, harmailak moilan alde batetik bestera, publizitatea Gipuzkoa osoan, herriz-herri, txapela horiak milaka... Iñaki Agote zen diruzaina zuzendaritza-talde gaztean eta antolakuntza gogoratzen du*. Benedicto Etxeberriak harreman onak zituen nonahi, eta aurreko urtean Hernanin Ziklo-kroseko Munduko txapelketa antolatu zuten lagunek asko lagundu ziguten. Madrilen izan ginenean ere, bera etorri zen. Areilza politikari euskalduna ezaguna zuen, eta Telebistako buruzagi batzuekin ere bazuen harreman ona.

*Aipuak: Oriotarren iraultza –1965/1975– liburutik hartua.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide