Imanol Iturrioz: “Kooperatibaren etekinak proiektu sozialetan inbertitzen ditugu”

Karkara 2015ko eka. 3a, 17:06

Aholkularitza tradizionaletik dator Imanol Iturrioz –Pasai San Pedro, 1977–, baina beti erakarri izan du erantzukizun sozialaren gaiak. Biak uztartuta sortu zuen Inbat. Beste norabide bat eman nahi zion aholkularitzari.

Bi bazkide dira, baina formazio eta aholkularitzarako kolaboratzaile sarea osatua dute, beren lanetan adituak diren pertsonekin. 2014ko urritik martxan dago Inbat Kooperatiba, enpresen erantzukizun soziala lantzen, eta Imanol Iturrioz da sortzailea.

Ekimen sozialak dituen kooperatiba zarete, gizarte eragin positiboa izatea helburu duena. Hori da Inbat?

Gure lana bi arlotan banatzen da, formakuntza eta aholkularitza soziala ematen ditugu. Beste edozein enpresak bezala funtzionatzen dugu, desberdintasun batekin: kooperatibaren etekin guztiak proiektu sozialetan inbertitzen ditugu. Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioarekin egiten dugu lan, adibidez. Oztoporik Gabeko Bainua izeneko programa batekin, hain zuzen. Mision Bangassou izeneko GKE batekin ere kolaboratzen dugu eta enpresen derakinak –merkatutik kanpo edo deskatalogatuta dituzten produktuak– Afrika Erdiko Errepublikara eramaten dituzte. Mindara elkartearekin ere lan egiten dugu, antolakuntzan gaude. Teknologia berrien bitartez, dibertsitate funtzionala duten gazteengan trebetasunak indartu nahi ditugu, etorkizunean babestutako lantokietatik kanpo lanean aritu daitezen.

Pertsonengan inbertituz gizartea garatzen dugu, pertsonak garatuz gizartean inbertitzen dugu. Hori dio zuen leloak.

Formakuntza ematean, enpresarentzako onura sortzen ari gara, langileen gaitasunak handitzen ditugulako. Baina, horrekin batera, gizartean inbertitzen ari dira, gure irabaziak proiektu sozialetan inbertitzen baititugu. Horrek esan nahi du gizartean inbertitzen ari garela.

Aholkularitzan ere gai sozialak lantzen saiatzen gara; genero berdintasuna, adibidez. Pertsonengan inbertitzeko beste modu bat ere bada hori.

Gaur egun pertsonei balio gutxi ematen zaiela uste al duzu?

Ez pentsa. Hemen inguruan erantzukizun soziala aspalditik egiten da, baina orain arte ez zaio izenik jarri. Hemen inguruan kooperatiba asko daude, eta horien irabazien %10 gai sozialetara bideratzen dituzte.

Guk egiten duguna laguntza sozialen politika hori egituratzea da, gizartearentzat ez ezik, enpresarentzat ere onuragarria izan dadin. Eta azken finean, erantzukizun sozial handiena lanpostuak sortzea da.

Nolako harrera izan duzue?

Harrera oso ona ari gara izaten. Enpresek badakite gurekin lana egiten badute ekimen sozialak bultzatzen ari direla, eta horrek ate asko irekitzen ditu. Oso gustura gaude.

Ekintzailetasunaren bidea hartu duzue. Garrantzitsua al da ekintzaile izatea?

Bai, noski. Oso garrantzitsua da. Esperientzia honetan ikusi dut instituzioetatik ekintzailetasuna bultzatzeko espazio eta zerbitzu asko daudela, baina ekintzaile gutxi. Jende askok ez ditu laguntzak ezagutuko, baina uste dut gehienbat bertigoagatik dela. Oso polita ematen du guztiak, baina salto egin behar da eta gogorra da. Eta norberaren egoeraren arabera, ekintzaile izateak ematen ez dizun segurtasuna behar duzu.

Enpresen erantzukizun sozial errealaz hitz egiten duzue. Zer da hori?

Enpresako gizarte erantzukizunak esanahia galdu du nolabait. Enpresa askok marketinerako erabiltzen dute, baina benetako edukirik gabe. Kanpora begira oso berdeak dira, energia berriztagarria erabiltzen dute, baina barruan langileak oso baldintza txarretan dituzte.

Guk koherentzia bilatu nahi dugu; erantzukizun sozialak barrutik hasi behar duela uste dugu, etxean bertan, langileei baldintza duinak emanez eta kontuan edukiz. Eta etxea garbi duzunean, kanpora begira jarriko zara.

Etika eta koherentzia gutxi al dago egungo gizartean?

Denetarik dago, egia esan. Hemen inguruan langileekiko politika onak dituzten enpresak aurkitu ditugu. Baina beti izango dut duda bat buruan: lan baldintza onak eskaintzen dituzte enpresa ondo doalako, edo enpresa ongi doa langileria zaintzen dutelako?

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide