Igandean ilusio handiz jarraitu nituen Madrilgo alkatetzarako hauteskundeak. Gozo-gozo. Ederra Manuela Carmena entzutea, botoak irabazi edo lortu beharrean herritarrak seduzitzeaz hizketan. Fina emakumea, eta ditxosozkoa terminologia: bitartean, gu, Motondo hondoratzekotan. Ederra ere Bartzelonakoa eta noski, Nafarroakoa.
Igandean espaloian ahotsa ere entzun zen herritarrenekin batera, leku batzuetan, borroka txikiekin iraultza handiak egin daitezkeela oihuka. Ilusioa. Azken hauteskundeetako emaitzek argi utzi dute jende askok bozkatu zuela esperantzaz, irrikaz, aldaketa egarriz. Bada azken hamarkadetan politikak soinean izan duen lurrin mediokrearekin bukatu, eta kaleko jendea botereko eserlekuetan jartzeko nahi erreala.
Benetako aldaketa hasi da Espainian, eta egia esan, oporretara baino, hara lau urte bizitzera joateko gogoa ematen du. Interesgarri jarri da kontua, ezta? Are gehiago etxean, Orion, dugun panorama makurra ikusita. Esperantza Agirre bat behar al dugu espabilatzeko? Edo alternatiba duinen faltagatik jarraitzen dugu ohiko alderdiak bozkatzen?
EAJ eta EH Bilduk Orion, Espainiako PP eta PSOEren lurzoru eroso berean jokatzen dituzte euren partidak: hik sei eta nik lau aurten; nik lau eta hik sei hurrengoan. Gehiago edo gutxiago, tarta hiretzat edo niretzat.
Nire iritziz, kontserbadore katolikoak kontserbadoreak direlako dira eskasak. Logikoa. Eta ezkerreko iraultzaileak, benetako iraultzarik egiteko gaitasunik ez dutelako. Kaka zaharra. Agian patua gogorregia izan da Bildurekin herrian, baina ez dakit, pare bat gaztako ondo mereziak zituztela pentsatzen dut. Edo hiru ere bai.
Kontrako haizearekin, trebe ibilita, nabiga daiteke helmugarantz. Haizerik gabe, ez. Oker ez banago, EAJ agintean zela okupatu zen Etxeluze, adibidez. Mmmm, ulertzen? Hortxe utziko dut hori, nahi duenak bi buelta emateko.
Orain dela hilabete batzuk, taberna-giroan, hauxe esan nion lagun bati, zirika: Espainiar estatuan mugimendu sozialak jartzen badira boterean –Podemos etab.–, nahiago diat bertan jarraitu, EAJ edo Bildukoekin Euskal Herri independentean bizi baino.
Erdi-txantxetan esan nuen hori, eta orain, erdi-serio pentsatzen dut.