Zer da Bi Txoriburu?
Hemengo diseinatzaileen arropa modu zentzudun batean kontsumitzea eta marka handiek egiten duten minaz konturatzea helburu duen proiektua da. Egunero janzten dugunaren atzean zer dagoen ezagutzea, emakume jostunen egoera zein den salatzea eta beste modu batera kontsumitzea hemengo diseinuak.
Helburu hori aurrera eramateko erakusketa-salmenta bat jarri duzu.
Ekainaren 1etik 15era, arratsaldeetan Usurbilgo Sutegin izango naiz erakusketa honekin. Bertako hamar diseinatzaileren lanak izango ditugu. Guztia beraiek egin dute eta bakoitzak bere ezaugarri bereziak dituzte: batzuk patroigintzari eman diote garrantzia, beste batzuk oihalei eta beste batzuek diseinuari.
Bi GKEren inguruko informazioa izango dugu. SETEMena, gaiarekin lotura zuzena duelako, eta Askekintza animalien aldeko elkartearena. Pitxientzat eta dekorazioarentzat ere tartea izango dugu.
Bestalde, ekainaren 6an ekitaldi bat antolatu dugu. SETEMeko ordezkari bat etorriko da emakume jostunek izaten dituzten lan baldintzak azaltzera, eta baldintza horien atzean dauden markak erakustera. Film labur bat proiektatuko dugu horren inguruan. Gero Karamel taldearen kontzertu eta lunch beganoa egongo da borondatearen truke. Ateratzen den dirua SETEMentzat izango da.
Zer da SETEM?
Gobernuz Kanpoko Erakunde bat da, praktikak han egin nituelako ezagutu nuen. Iparra eta hegoaren arteko desoreka salatu eta bidezko merkataritzaren alde egiten dute. Arroparen inguruan ere egiten dituzte kanpainak. Arropa garbia izenekoa, adibidez. Bertan azaltzen digute 29 euro balio dituen kamiseta batetik, jostunak 18 zentimo bakarrik jasotzen dituela, adibidez. Gainontzekoa nora joaten den ez dakigu. Kanpainaren helburua diru hori nork irabazten duen ikustarazi eta guzti horrekin kontzientziatzea da.
Esklabotzatik oso gertu egon ohi dira baldintza horiek, ezta?
Bai, 14-16 orduko lanaldiak izaten dituzte soldata oso baxuekin. Batez ere emakumeak dira egoera horretan daudenak, %90etik gora. Esplotazio hori gehienbat kanpoan ematen da, Asian eta Latinoamerikan. Hemen badago zerbait, baina ez asko.
Umeak ere asko esplotatzen dituzte. 8 edo 9 urte dituztenetik lanean hasten dira. Hainbat kanpaina egin dira marka handiek egiten duten esplotazioa salatzeko. Nike eta Adidasek, adibidez, zapatilak eta baloiak egiten edukitzen dituzte umeak.
Normalean gehien kontsumitzen diren eta arropa merkeen saltzen diguten markak dira baldintza horiek izaten dituztenak.
Horren aurka zer egin daiteke?
Beste era batera kontsumitu behar da, eta kontzientzia hartu. Zerbait erosten dugunean dugunean, produktu horren atzean zer dagoen jakitea eta informatzea garrantzitsua da. Burua erabilita bertakoa erostearen alde nago ni, baina pasa gabe: ez da beharrezkoa arropa asko edukitzea.
Trukea sustatu beharko litzakeela ere uste dut; lagunartean erabiltzen ez dugun arropa trukatzea ideia polita da, adibidez.
Gaur egun arropa kontsumitzeko modua oso konpultsiboa dela iruditzen zaizu?
Bai. Janariarekin kontzientzia gehiago dugu, adibidez. Bertako produktua, kalitatezkoa eta, askotan, ekologikoa kontsumitzen dugu. Baina arroparekin ez gara jabetzen, ez digu gertu harrapatzen eta badirudi berdin zaigula.