Iban Egiguren: "Ikusita baratzeek lehen hartzen zuten eremu guztia eta orain hartzen dutena, galtzen ari zela ohartu nintzen"

Karkara 2015ko eka. 3a, 10:33

Baratzak erakusketak astelehenean zabaldu zituen ateak. Ekainaren 12a bitarte egongo da Iban Egiguren argazkilariaren lana ikusteko aukera.

Noiz suertatu zitzaizun erakusketa egiteko aukera?

Hasiera-hasieran, baratzetako panoramika bat atera nahi nuen. Horretarako Imanol Urkizurena etorri nintzen, kosta tailerreko terrazara igo nahi bainuen argazkia ateratzeko. Hor hasi nintzen Imanolekin erakusketaren inguruan hitz egiten, duela bi urte. Eta, duela gutxi, Karkarara nentorrela, Imanolekin gurutzatu, erakusketaz hitz egiten hasi eta orduan hitzartu genuen data.

Orduan, argazkiak erakusketan pentsatzen atera zenituen?

Argizkaritza profesionaleko eskoletan nengoen orduan eta eskolarako lan bat egiteko aukeratu nuen Baratzen gaia. Hortaz, eskolako lanean pentsatuta egin nuen.

Baratzen gaia zergatik aukeratu zenuen?

Egiten nuen lehen argazki erreportajea zen. Ikusita baratzeek lehen hartzen zuten eremu guztia eta orain hartzen dutena, galtzen ari zela ohartu nintzen. Hortaz, gai horri heltzea erabaki nuen. Han lanean aritzen direnen omenaldi moduan egin nuen.

Argazkietan ateratzen dira lanean aritzen direnak. Asko kostatu zitzaizun argazkiak ateratzeko konbentzitzea?

Ez zitzaidan asko kostatu berei argazkiak ateratzea. Irakasleak azaldu zigun hobe zela lehenago berekin egon, beren lana ezagutu eta berak zu ezagutzea. Zure imajinarioan, gainera, argazkiak imajinatzen dituzu  hori egiten duzun bitartean. Gero, argazki kamerarekin joan nintzen baina ez nuen argazkirik atera, berak ere kamerarekin familiarizatzeko. Eta horrela, hartu eman hori eginda zegoenean, argazkiak atera nituen.

Berak ikusi dituzte argazkiak?

Bai. Formatu txikian oparitu nizkien iaz. Eta, egia esan, gustura gelditu dira. Hasieran pittin bat erreparoa ematen zien argazkietan ateratzea, baina, denborarekin, faltan sumatu didate baratzan. Hara joateko gonbita egin didate hainbatetan. Baratzaren inguruan asko irakatsi didate. 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide