Ikasgelak hustu eta pergolan batu LOMCEri planto egiteko

Karkara 2015ko eka. 3a, 08:47

LOMCE legea indarrean dagoenetik, LH3ko 30 zentrotan diagnostiko probak egiten ari dira. Orioko Herri Ikastola da zentro horietako bat, baina gurasoak irmoki planto egingo diote ezarpen honi eta gaur arratsalderako elkarretaratzea deitu dute, 16:30ean, Ikastola aurrean.

Oposizioa eta hezkuntza eragile gehienak kontra dituen legea onartu zuen Espainiako Senatuak, LOMCE legea. Errotuta zegoen sistema errotik aldatzen du Hezkuntzaren Kalitatea Hobetzeko Lege Organikoak. Hezkuntza komunitatearen aldetik –batez ere– erreformak kritikak baino jaso ez dituen arren, indarrean dago eta hasi da lehen pausoak ematen, Eusko Jaurlaritzako Heziberri planak EAEn ebaluazio diagnostikoak egingo direla jaso baitu. Lehen hezkuntzako hirugarren mailan diagnostiko frogak egiten hasi dira dagoeneko.

Lehen urrats hauek gelditzen eta LOMCE legeari planto egiten hasi dira hezkuntzari lotutako hainbat eragile. Euskal Herriko hezkuntza eragileek agiria plazaratu zuten. Agirian erreforma inposatzailea, zentralizatzailea, adoktrinatzailea, uniformatzailea, atzerakoia, segregatzailea eta elitista dela diote. Horren aurren beren aurkakotasuna adierazi dute hainbat agerraldi eta mobilizazioetan. Eta, Ordiziako Jakintza Ikastolan, esaterako, lortu dute LOMCEri izkin egitea. 

Eusko Jaurlaritzak diagnostiko frogak egiteko 30 ikastetxe aukeratu ditu. Ordiziakoa horietako bat da, baina, tartean, Orioko Herri Ikastola ere hautatu du. Egoerari aurre egiteko dituzten aukerak aztertu eta seme-alabek proba hau egin ez dezaten, egun horietan haurrak ikastetxera ez eramatea erabaki zuten gurasoek. Honela salatu zuten Ordiziako Jakintza Ikastolako gurasoek Goierriko Hitzan: Oinarrizko hezkuntzan, ikasleen segregazio goiztiarra bideratzen dute eta bertan behera uzten dute bereziki, DBHko errebalida gainditzen ez duten ikasleen hezkuntza-ibilbidea. Elkarretaratzea deitu zuten maiatzaren 26 eta 27an, legearen kontra daudela azaltzeko. Ez zuten apenas haurrik ikasgelara bidali, eta, azterketa egiteko gutxieneko 12 ikasleak ez zeudenez, proba egin gabe joan ziren EJko ordezkariak.

Orion ere LOMCEri planto

Badirudi Oriora egun hauetan etorriko direla Eusko Jaurlaritzako ordezkariak, 30 ikastetxe horietako bat baita Orioko Herri Ikastola. Froga horiek eragin zuzena dute ikastetxeetako familia, zuzendaritza eta irakasleegan, LOMCEren baitako azterketa hauek hezkuntza konpetentziei erabateko erasoa egiten baitie, eta hezkuntza zentralizatu eta kontrolatzailea dutelako helburu. Sekulako atzerapausoa suposatzen dute arlo pedagogikoan, azaltzen dute Orioko Ikastolako LH 3ko gurasoek.

Beren seme-alabek froga egitea ekiditeko, azterketa egunetan ikastetxera ez eramatea erabaki dute. Baina, diagnostiko froga hori baino haratago, LOMCEren neurriek denongan eragina dutelakoan gaude, gaineratu dute. Ezinbestekoa iruditzen zaie lege eta dekretuen gainetik, orain arte ehuntzen joan diren hezkuntza-sistema propioaren garapenean pausoak ematea. Eta, hori guztia aldarrikatzeko eta LOMCEri planto egiteko, gaur, ekainaren 3an, Ikastola alboko plazan, 16:30ean, elkarretaratzea antolatu dute LH 3ko gurasoek.

Arestian aipatutako helburu horiek lortzeko, derrigorrezkoa iruditzen zaie hezkuntza komunitateko kide eta herriko eragileen babesa eta inplikazioa. Eta, ari dira pixkanaka-pixkanaka herritarren babesa jasotzen. Hain justu sistema propioaren garapenean lanean ari den herriko Orioko curriculuma sortzen taldeak bere atxikimendua adierazio dio Orioko Herri Ikastolari. Eta twitterren ere  traolapean ari dira bat egiten Orioko Herri Ikastolako kideekin.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide