Zilarrezko domina Euskadiko Trainerilla Txapelketan

Karkara 2015ko eka. 1a, 14:33

Amaiera ezin hobea eman diote Orio AEko neskek trainerilla denboraldiari

Trainerilla denboraldiari amaiera emateko, Euskadiko Trainerilla Txapelketa jokatu zen pasa den igandean, maiatzaren 31n, Mutrikun. Orio AEko nesken ontzia zuzenean finalera pasa zen, lau parte-hartzailek eman baitzuten izena. Estropada ona egin zuten: lehen bi ziabogak azken postuan egin bazituzten ere, hirugarren luzean bigarren jartzea lortu zuten eta postuari eutsi zioten estropada amaierara arte. 15:12.54ko denbora egin zuten, Zumaiaren atzetik –11 segundo– eta Koxtaperen aurretik –15 segundo–.

Aulki mugikorra Orion

Larunbatean, maiatzaren 30ean, Gipuzkoako Aulki Mugikorreko Ligako 8. jardunaldia jokatu zen Orion. 28 ontzi aurkeztu zituen Arraun Elkarteak eta horietatik hamahiruk lehen postua lortu zuten: infantil mutilek laukoan, infantil neskek skiffean, bikoan eta laukoan, kadete mutilek skiffean, bikoan eta laukoan, kadete neskek bikoan eta laukoan, jubenil mutilek eta absolutuko mutilek lemazain gabeko laukoan eta beterano eta absolutuko mutilek skiffean.

Gainontzeko ontziek, 8 bigarren postu, 3 hirugarren postu, laugarren postu bat, bosgarren postu bat eta 3 seigarren postu lortu zituzten.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide