Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako sailkapen faseko saioak jokatu dira asteburuan, eta saio horietan hiru oriotar aritu dira bertsotan: Ibai Esoain, Egoitz Eizagirre eta Xabier Sukia. Lehendabiziko biek irabazi egin zuten beren saioetan, Sukiak hirugarren egin zuen.
Oriotarren artean lehena parte hartzen Egoitz Eizagirre izan zen, larunbat goizean egin baitzuen bertsotan Oñatiko Santa Ana aretoan. 30 bertsozale inguratu ziren Oñatira eta fin aritu zen Eizagirre. Taula gainean aritu ziren sei bertsolaritik puntuazio altuena jaso zuena izan zen, bere saioa irabazi zuen. Guztira 292,5 puntu jaso zituen. Bere atzetik Manu Goigana eta Aitzol Iturbe gelditu ziren.
Igande goizez aritu zen bertsotan Ibai Esoain, Usurbilgo Sutegi aretoan. 40 bertsozaleren ikusmiran aritu zen Esoain bertsotan eta puntuazio altuena jaso zuen, 321 puntu guztira. Esoainen atzetik Egoitz Aizpuru eta Ane Zuazubiskar gelditu ziren.
Egun berean, Zizurkilgo Atxulondo kultur etxean, Xabier Sukia aritu zen bertsotan. 60 zaleren aurrean aritu zen eta hirugarren amaitu zuen sailkapenean, 292,5 punturekin. Aurretik Eneritz Artetxe –296,5– eta Ane Labaka –309– gelditu ziren.