Mendibeltz lepo zegoen, horitxoez beteta. Bonbo hotsak, zaleen babes oihuak, aurkarien animoak, pankartak... Orioko futbol zelaian ilusioa gainezka zegoen, itxaropena. Baina, ezin izan zuen izan. Lehen zatian asko estutu zuen Mutrikuko taldeak. Oriok aukera batzuk izan zituen, lau bat aldiz bota zuen atera, baina ez zuten gola sartzea lortu.
Bigarren zatian ere atea ez zuten golik sartu, ez etxekoek, ez kanpokoek. Gainera, bigarren zatiaren amaiera partean, jokalari bat gutxiagorekin gelditu zen Orioko taldea, zuzenean txartel gorria atera baitzion epaileak. Hortaz, luzapenera joan behar izan zuten hamar jokalarirekin. Luzapenean gola sartu zuen Mutrikuk, eta horrekin itxaropena galdu zen. Oriok galdu egin zuen 0-1 emaitzarekin. Baina, oraindik aukera txiki bat badute. Aretxabaletak hirugarren mailara igo behar du, eta hirugarren mailako talde bat bigarren B mailara igo behar du. Ez da erraza, baina lortu daiteke.
Orioko futbol taldeak eskerrak eman nahi dizkie zaletuei, inoiz baino beteago baitzegoen Mendibeltz. Zaletuei eskerrak eta Mikel Elustondori babesa. Taldekideek elastikoak atera zituzten taldea berekin zegoela adierazteko.
Kadeteak txapeldun
Orioko futbol elkarteko kideek azaldu diguten bezala, irriak eta malkoak izan dira asteburu honetan. Malkoak erregionalek igoera lortu ez dutelako; eta, irriak, kadeteek finala irabazi dutelako. Larunbat goizean jokatu zuten partidua eta 0-1 irabazi zuten, Mikel Garateren golari esker. Gola bideo honetan ikusi daiteke: