Hondartza denboraldia hasiko da astelehenean; eta, horrekin batera, TAO sistema martxan jarriko da. Ohi bezala, Orioko hondartzan aparkatzeagatik ordaindu egin beharko dute. Baina, astelehentik aurrera, Mendibeltzeko aparkalekuan kotxea utzi nahi dutenek ere ordaindu egin beharko dute.
Orioko TAO bineta dutenek ez dute ordaindu beharko, orain arte egin den bezala. TAO bineta herrian bizi direnek, kanpoan bizi diren oriotarrek, Aian erroldatuta daudenek, Orion bizi eta enpresako autoa dutenek, Orion lan egiten dutenek eta kanpinean partzela iraunkorra dutenek eskuratu dezakete. 42 euroko kostua du binetak eta udaletxean eskatu behar da.
Datorren astelehenetik, ekainak 1, aurrera jarriko da martxan TAO sistema bi eremutan. Eta, behin abian jarrita, astelehenetik igandera goizeko 10:00etatik 20:00etara egongo da indarrean.