Zuen asmoa urtetan PSE-EEk izandako zinegotzia eskuratzea zela zenioten. Lortu duzue.
Pozez gainezka gaude, imajina dezakezuen bezala. Lau urte udaletxetik kanpo egon ostean, kosta egiten da zinegotzia berreskuratzea, eta are gehiago herri txikietan. Zinegotzia berreskuratzea eta boto kopurua bikoiztea pozgarria da, zoriontsu gaude herritarrek berriz ere gugan konfiantza izan dutelako eta lan egiteko aukera eman digutelako. Oso eskertuta gaude.
Udaletxean sartzeko gogo handia azaldu duzue...
Udaletxean sartzeko gogoz baikaude, lan egiteko gogoz eta akordiotara iristeko gogoz, elkarrekin aurrera joateko.
Akordioetara iristearen asmoa eta garrantzia azpimarratu duzue behin eta berriz.
Oinarrizkoa da guretzako. Gure ustetan egokiena guztion artean akordioetara iristea da, proiektu onenak hortik ateratzen baitira. Formazio bakoitzak bere aldetik jarriz gero, guztia elkarlanean egiten bada, hoberena da. Blokeetan mantentzeak, bananduta, dakarren bakarra gauzak trabatzea da. Ez da ona herriarentzat. Nik uste dut guztion artean herriarentzat onak diren gauzak egin ditzakegula. Akordioetara iritsi behar dugu, kosta ala kosta, negoziatu egin behar dugu; akordioak funtsezkoak dira.
Ideia horrek lotura du hainbatetan errepikatu duzuen ideia honekin: siglei begiratu ordez proiektuei begiratzen diozuela.
Guretzat garrantzitsuena ideiak eta proiektuak dira, ez siglak. Berdin digu nondik datorren proiektua, EH Bildutik, EAJtik edo Orainetik. Proiektua ona bada, gure babesa izango du, dudarik gabe. Garrantzitsuena ideiak eta lanerako gogoa dira.
Orduan, ez duzue koaliziorik edo antzekorik egingo.
Esan bezala, proiektuak babestuko ditugu. Ezin dugu hauteskundeak baino lehen gauza bat esan eta gero beste bat egin, ez da koherentea. Orain, hauteskundeak amaitu dira, eta, lehendabizi, hitz egin behar dugu. Bakoitzak bere proiektuak azaldu beharko ditu eta horietatik zein bultzatu behar diren ikusi beharko da, hasi eta amaitu behar direnak edo lau urtera begira egin beharrekoak, eta, noski, guztiok batera.