Atzo eman zitzaion hasiera Talai Mendi asteari. Slickline egiten aritu ziren herriko plazan, arratsaldean. Eta atzo hasi zen asteak ez du etenik izango, astelehenetik igandera ekintzaz josi dute agenda Talai Mendikoek.
Gaur, asteartearekin, arratsaldeko 19:00etan hasita, bideo-emanaldia izango da Talai Mendiren lokalean. Idurre Lizarraldek eta Haritz Otañok emango dute emanaldiaren gidaritza, zeina Norvegiako eta Pirinioetako mendi-eskiaren ingurukoa den. Asteazkenean, maiatzaren 27an, beste film bat emitituko dute. 19:30etan izango da; ordu horretan, Valley uprising filma proiektatuko dute Salatxo aretoan.
Ostegunean, maiatzaren 28an, arratsaldeko 17:00etatik 19:30era, eskulanak egingo dituzte haurrekin Talai Mendiren lokalean. Plazak mugatuak izango dira eta izen ematea Iturain estankoan egin beharko da. LH6tik aurrerako haurrek goma ebarekin egingo dituzte eskulanak eta guztira 15 haurrek hartu dezakete parte tailerrean. HH2tik LH6ra koloreetako gusanitoekin egingo dituzte eskulanak eta 10 haurrentzako dago plaza.
Ostiralean beste bideo emanaldi bat izango da Talai Mendiren lokalean. Elkarteak iaz, 2014 urtean, egindako irteerak bilduko dituen ikus-entzunezkoa proiektatuko dute. Arratsaldeko 19:00etan izango da hori.
Maiatzaren 30ean, larunbatean, bi ekintza izango dira. Bata, kiroldegiko rokodromoan, 16:00etatik 19:30era, adin guztietako haurrek eskalatu ahal izango dute. Bestea, ordu berean, Elizan. Hango paretean eskalatzeko eta yumareatzeko aukera izango du nahi duenak.
Eta asteari amaiera emateko, igandean, Kukuarri eguna izango da. Goizeko 11:00etan elizkizuna izango da tontorreko gurutzean. Ondoren, salda eta pintxo beroak izango dira.