Ur diskoa kaleratu duzue, urte honetako lehenengoa. Lau disko urte betean ateratzeko asmoa ez al da ur handitan sartzea?
Taldea estimulatzeko era bat izan da, besterik ez. Ia hiru urte generamatzan jo gabe, eta disko oso bat egitea, hamar kanta egiteko prozesuan sartzea, gogorregia izango litzake eta ez genuke aurrera jarraituko. Metodo hau hartu genuen bi kanta egiteko kapaz ikusten ginelako eta, pixkanaka-pixkanaka, martxa hartzen eta talde feeling-a garatzen joango ginelako.
Zergatik lau?
Esan bezala, prozesua bestela gogorregia egingo zitzaigulako. Horrez gain, erakargarria egiten zitzaigun diska bakoitza ekoiztetxe batekin grabatzearena. Lau estudiotan grabatzea polita da.
Lau diskoek lotura izango dute?
Lotura izango du tematikoki, ziurrenik; lehendabizikoa ur izan da eta bigarrena lur izango da, adibidez. Kontzeptualki ere akaso lotura izango du, baina oraindik ez daukagu zehaztuta. Sormen prozesua guztiz zabalik utzi dugu, irekita. Beraz, ikusiko dugu nola lotzen diren ala ez diren lotzen.
Eta, lehendabizikoa, zergatik Ur?
Euskerarekin lotzeko asmoa genuen, batetik. Gero, elementuak direnez, gauza primitibo eta oinarrizkoetara jo genuen. Beste hasiera bat denez, horrekin lotu nahi izan dugu.
Musikalki nola ahalegindu zarate primitibotasun hori adierazten?
Ez dugu horretarako ezer finkatu, ateratzen zitzaiguna egin dugu, naturalki. Kanpora saltzen dugun horretan bai landu dugu kontzeptua, baina, barrura begira, ez dugu lanketa berezirik egin. Kantak egin ondoren, orduan bai zaindu dugula irudia eta abar. Kontzeptua biribiltzen ondoren joan gara.
Noiz hasi zineten Ur diskoarekin lanean?
Gutxi gorabehera, duela sei hilabete planteatu genuen hau egitea, elkartean eseri ginen egun batean.
Hasieran, beste kanta batzuk eginak genituen, lehenagotik, baina gorputzak beste kanta batzuk egitea eskatu zigun. Gainera, taldearekin distantzia hartzen duzunean, sormen konfiantza galdu egiten da. Jotzen denbora daramazuneko feeling hori berriz ere sortu egin behar da.
Eta nolakoa izan da taldearen batasuna berreskuratzeko prozesua?
Gogorra izan da, oso. Berriz hutsetik hastea bezala izan da. Kide berri bat daukagu, baxua jotzen zuenak orain gitarra jotzen du... aldaketak egon dira. Taldearen sortzailea zena Ameriketan bizi da orain, eta berak asko ematen zion taldeari. Gitarra jotzen izugarrizko izaera dauka eta hori asko nabaritzen da. Bere falta sumatzen da. Orain kantek Eñauten kutsua du eta ez Brittena. Alde zikinetan Eñautek martxa gehiago sartzen dio, baina Brittek xehetasunak oso berezi egiten zituen. Desberdina da.
Eta, horrez gain, gogorra da ohituta geunden erritmoa ez daukagula ikustea; lehen erraz ateratzen zena, orain kosta egiten zaigula. Merezi al du egiten ari garen esfortzuak? Galdera hori hainbatetan egin gara.
Gaur aurkeztuko duzue diskoa jendaurrean. Zerbait aurreratu dezakezue?
Guretzat gaurkoa izugarrizko oparia da, Sofa taldearekin jotzeko gogoa berezia geneukan eta. Guk antolatzen dugunez, berekin jotzea erabaki dugu. Herrian aurkeztea polita izango da, gainera.