Legealdiko azken bilkura, lasaia

Karkara 2015ko mai. 22a, 09:02

Hiru punturen gainean erabaki behar zuten atzoko udalbatzarrean eta hirurak onartu ziren. 

20:00etan hasi zen udalbatzarra eta ordu laurdenean amaitu zen. Ez zen gora-beherarik egon, lasai joan zen. Lehendabiziko aurrez egindako bilkuren akten zirriborroak onartu ziren, bai 2014ko abenduaren 23ko udalbatzarrarena, baita 2015eko martxoaren 31ekoa eta apirilaren 30ekoa ere. Hirurak onartu ziren, aho batez, 12 aldeko botoekin.

Ondoren, Udalaren 2014ko aurrekontuaren kontu nagusia behin betikoz onartu zuten. Orioko Udaleko kontuen batzordeak apirilaren 28an egin zuen bilkuran, oro har, aldeko bozak jaso zituen aurrekontuak. Jendaurrean egon da hamabost eguneko epean, erreklamazioak egin ahal izateko. Ez du alegaziorik jaso, hortaz, behin betiko onartu zen atzoko udalbatzarrean Bildu eta Orainen aldeko sei botoekin eta EAJren sei abstentziorekin.

Gero, Santiago Etxeberria Irastortzak eta Carpinteria Botaleku SA entitate merkantillak formulatzen duen hitzarmenari heldu zioten. Otsailaren 26an egin zitzaion lehen onarpena expedienteari. Jendaurrean egon zen 20 laguneko epean eta erreklamaziorik aurkeztu ez zenez, behin betiko onartu zen atzokoan. Dena den, zehaztapen txiki batzuk egin behar izan ziren. Urbanizazio kargetarako bideratuko den diru kopurua 777.542,10 da eta urbanizazio lanak egiteko 592.542,10. Hamabi aldeko boto jaso zituen hirugarren puntu honek.

Azkenik, galderen eta eskaeren txanda ireki zen. EAJk hartu zuen hitza; Jon Redondok, hain zuzen. Udal langileek idatzi bat egin dutela eta, horren gaineko informazioa eskatu zion Beñat Solaberrieta alkateari. Beñatek informazioa behar izanez gero eskatzeko esan zion, eta oraingo Udal taldeak gobernatzen utzi baino lehen, emango diola gaineratu zion.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide