Uranga
2011ko leloarekin gatoz; herriari ahotsa ematea Udalean, erabakiak hartzen dian tokian. Horretarako koherenteak izan gara. Pentsatzen dugu herritarrak 0 euro ordaindu behar dituela gobernuan zegoen alderdien propagandarengatik. Hori zen Orioko Plaza, 55.000 euro urtean. Bilduk 11.000 euroko proposamen xumeagoa egin zigun, baina ezezkoa esan genien. Atez atekoaren proposamena mahai gainean jarri zigutenean, baldintza, hauteskundeetan esan bezala, herri galdeketa izan zen.
Alderdikeriek ez digute motxila betetzen, beraz, askeagoak gara erabakiak hartzerakoan. Orain eraginkorragoak gara, Udaleko gabeziak ezagutzen ditugu eta erakundeen artean mugitzen ikasi dugu, diru laguntzak lortzen eta kudeatzen. Hitzarmen ugari berridatzi ditugu, kontzesioetan mantenu klausulak sartu ditugu, inbentarioa egin... Proiektuak hasi eta bukatu ditugu, horren eredu kanpina eta ludoteka. Guk bideratutako ordenantzak –Azokakoa eta Ostalaritza– berarekin elkartzen egin dira. Krisi garaian etekina emango zigun gauza batean inbertitu dugu: kanpinean. 2014a errekor urtea izan da, irabaziak azken hamarkadako 1x1,7 handitu dira. Akordioetara iristen dakigu, alkatetza Bilduri eman arren EAJrekin akordioak izan ditugu. Ez dugu dirua xahutu, hori publikatu den arren, argi dago ezetz. Zuena da erabakia; gu entzun, apuntek hartu eta lana egiteko gaude.
Domingorena
Alderdi sozialista, tradizionalki, beti egon da ordezkatuta udaletxean, azken hauteskundetan izan ezik. Hogei boto besterik ez genituen behar izan. Beharrezkoa PSE udalean egotea, dagoen eszenatokia aldatzea eta laugarren indar politiko ezkertiarra egotea. Emakume ezkertiar oriotarrak gara, eta herritarrak entzuten ditugu. Azken astean gure programa argitaratu dugunean herriko eragile asko hurbildu zaizkigu eta berak entzuten ari gara, elkarlanean. Gure asmoa bulegotik lan egin beharrean, herritarrak entzutea da. Badirudi hori modan dagoela azkenaldian, baina, gure kasuan, horrela da.
Gure asmoa gogor lan egitea da. Kanpoan izan gara, baina bueltatu nahi dugu, eta indarrez eta ilusioz gainezka bueltatuko gara.
Gardentasuna da gure helburua, ahulenen eskubideak bermatzea. Gure ateak irekita egongo dira bai herritarrentzat, bai eragileentzat, bai alderdi politikoentzat. Gure bozka ez dago baldintzatuta, ez daukagu aurreiritzirik, ez dakigu nori emango diogun botoa eta proiektua izango da gure ardatza. Politika eta herritarren nahiak eta kezkak izango dira ardatza, ez siglak.
Iribar
Bozka eskatzerako garaian orain arte, legealdi honetan, egin den lana azpimarratuko nuke. Udalean eredu aldaketa bat egon dela uste dut, eta lau urte honetan egindako lana sakondu egin behar dela eta jarraipena eman behar zaiola pentsatzen dut.
Horretarako talde bat aurkezten gara, atzetik babes handia duena. Herri programa adostasun handiarekin garatu dugu; edukiz, apaltasunez eta seriotasunez landu dugun programak osagai asko ditu.
Orioko EH Bildu prest dago aurkezten dituen proposamen horiek guztiak mahai gainean jarri eta guztion artean aztertu eta eztabaidatu ondoren adostasun batera iristeko.
Horretaz guztiaz aparte, ez dugu ahaztu behar non bizi garen, zer testuingurutan. Kontuan hartu behar dugu euskal herritarrak garela, eta Euskal Herriaren burujabetasunaren alde eta eredu berrien alde EH
Bilduk bere eskaintza dauka. Alor honetan ere borrokatuko dugu eta alderdien arteko adostasuna bilatzeko prest gaude.
Zaldua
Inor mespretxatu gabe, esan nahi dut talderik indartsuena EAJk daukala iruditzen zaidala. Aurkeztu direnen artean esperientzia gehien duen taldea da, prestatuta dagoena oriotarrek dituzten arazoei konponbidea bilatzeko eta irtenbidea emateko.
Orion dauden proiektu asko, ia guztiak ez esatearren, %90a baino gehiago bai, EAJk ekarri eta egindakoak izan dira. Orain ere gure asmoa Oriok merezi dituen hobekuntzak diru laguntzen bitartez gauzatzea da, hemen proiektuak hasi eta bukatzea. Diputazioan eta Eusko Jaurlaritzan harreman onak ditugu, baita estatu eta Europa mailan ere.
Alderdien ardatza aipatu dute, gure ardatza pertsonak dira eta egin behar ditugun gauzak guztiak pertsonen eta oriotarren ongizateari begira egingo ditugu.