Irma Domingorena
Azken lau urtean ez dugu ordezkaritzarik izan udalean, ez udal gobernuan, ez oposizioan. Hortaz, ez dauzkagu oso datu zehatzak eta ohiko kudeaketari buruz ere ez daukagu ezagutza handiegirik. Beraz, guretzat oso zaila da egindako kudeaketa goraipatzea edo auzitan jartzea. Baina garbi dauka hobekuntza nabarmenak egin direla eta horiek azpimarratu nahiko genituzke, eta ez gauza ezkorrak.
Udal gobernuak hartu dituen erabaki onak ondorengoak izan dira, besteak beste: Topagune berdearen mugikortasun txostenaren ondorioz hainbat proposamen egin ziren eta horietan oinezkoei eman zitzaien lehentasuna eta ez autoei. Irisgarritasun neurriak ere hartu dira, kultur etxearen sarreraren egokitzapena kasu; Eusko Gudari eta Arrantzale kaleko lurzorua hobetu da eta Arrantzale kalean bidegorria jarri da; Frontoiko eskaileren eta aldaparen egoera ere hobetu da; eta, segurtasunaren mesedetan, Goiko kalean semaforoa jarri da.
Emeterio Iribar
Balorazio ona egiten dut, hainbat arrazoiengatik. Bukatzear dagon legealdian, krisi ekonomikoaren eraginez, Udaleko diru laguntzak %35 jaitsi dira, baina zerbitzu maila ez da aldatu. Diru laguntzak %21eko igoera izan dute, eta gobernu organoko gastuak eta protokoloko gastuak %40tik gorako jaitsiera izan dute. Protagonismorik gabeko kudeaketa egin da, herritarrengana eta herri eragileengana iritsi da. Berekin elkarlanean jardun eta hitzarmenetara iritsi da. Gardena izan da, lehen aldiz aurrekontuak herritarrekin elkarbanatu dira eta ekarpenak jasotzeko inkestak herriko postontzi guztietan banatu dira. Festak indarberritu dira eredu parte hartzailean oinarrituta, eta festen gastuak aurrez publikatu dira. Euskaraz bizi-bizi programak eman duenak eta kirol-mahaiak egindako lana aipatuko nituzke.
Beste herri eredu baten alde egin da lana, defizitarioak izan lirateeken azpiegiturak albo batera utzi eta estrategikoak ziren proiektuetan fokua jarrita, kanpina horren adibide.Gertutasunetik egin dugu lana, herritarren alde. Irmak aipatu bezala, irisgarritasunaren esparruan, puntu ilunetako txukunketetan, bidegorrian... aurrera pausoak eman dira.Eta amaitzeko, esango nuke liskarrik gabeko legealdia izan dela. PSE zinegotzirik egon ez arren gugana asko gerturatu da eta Orainek egonkortasuna eman dio gobernuari.
Jose Angel Zaldua
Eskerrak denbora moztu den, EAJk gaizki zer egin duen esatea tokatzen baitzitzaion. Zer egin duen gaizki eta zer egin duen ondo? Gaizki egin duena aipatzeko, leku guztietan salatu duguna esango nuke: kudeaketa. Uste dugu Udaleko kudeaketa txarra izan dela. Gaizki egin diren gauzekin ez naiz gehiago luzatuko.
Gauzak ondo ere egin dira, Bisigu festa mantentzea adibidez. Oriok beharra dauka kanpoan ezagutzera emateko, Orioko herriaren izena isilpean baitago. Horrelako festak ondo etortzen dira ezagutarazteko, hortaz, Bisigu festa ez kentzen ondo egin dutela iruditzen zait. Beste festak ere bere horretan jarraitu beharko lukete, baina hori ez dute egin eta ez dut kritikatuko.
Ludoteka bultzatzen ere ondo egin dute. Aurreko legealdian gure programan agertzen zen proiektua da. Orain tinko hartu eta ludoteka egingo dute.
Hirugarrenik, Emeteriok esan duen bezala, kanpina obra ona izan da. Gure programan zegoen obra izan da. Horri ere sendo heldu diote eta hasi eta bukatu egin dute, programak egin behar diren bezala.
Eta, azkenik, kulturaren esparruan -Torrotxo, Miriam eta Lourdesek osatzen duten komisioa– lana ondo egin da.
Miriam Uranga
Bildu sartu bezain pronto soldatak jaitsi ziren eta urtean 54.000 euro aurreztea lortu zen. Kopuru berdina eman zitzaien talde guztiei, izan handiak edo txikiak, eta hori ordura arte ez zen egin. Kulturan eta festetan izugarrizko lana egin du Bilduk, agenda begiratzea besterik ez dago. Beren esker Gabonetan Olentzeroz gozatzen dugu eta festak prozesu parte hartzailearekin antolatu dira. Aurrekontuak gardenak eta publikoak izan dira. Euskararen alorrean ere lan handia egin da.
Aurreko legealditan ere bai, baina bereziki instituzioan, zinegotzien dekalogoan, hedabideetan lehentasuna eman zaio, txertatu da kontratista eta hornitzaile guztien kontratuetan, Euskaraz bizi-bizi kanpaina aurrera atera dugu: ikastaroak, gogoeta eta bideoa, ama zerbait dut zuei esateko, Karkararen hitzarmena berritu eta indartu egin da, euskaltegia 2015eko irailean nortasun propioarekin izango dugu Orioko Salatxo aretoan – nahiz eta irisgarritasun arazo txiki batzuk eduki, borondatearekin konpondu daitezke–, eta, eskerrak eman behar dizkiegu kanpina aurrera ateratzeko eman digun konfiantzarengatik.
EAJrengana hiru proiekturen harira jo dugu: Ludoteka eta parke estalia, Azkue guneko aparkalekuak Orioko jendeari bermatzea eta zabortegien itxitura apaingarriak. Beren partaidetza gabe ez ziren proiektu horiek guztiak aurrera aterako.